
Les Fous taldea.
Musikagela Women jaialdia egingo dute bihar, Intxaurrondoko kultur etxean. Les Fous donostiarrek ‘Never Surrender’ diskoa aurkeztuko dute, Anita Parker eta Raitx taldeekin batera.
Unai Moraza, Les Fous taldeko musikaria
Emakumearen Asteak 30 urte bete ditu, eta horren omenez Musikagela Weekend jaialdiari izena aldatu diote. Aurten, Musikagela Women izango da. Emakume musikariak dituzten hiru taldek parte hartuko dute bihar, Intxaurrondoko kultur etxean (22:00). Horietako bat da Donostiako Les Fous laukotea, eta aste honetan Never Surrender diskoa argitaratu dute. Santi Romano (ahotsa eta teklatua), Ainhoa Egiguren (ahotsa), Olatz Otxoa (ahotsa) eta Unai Moraza (perkusioa eta gitarra) musikariek osatzen dute.
Iritsi da lan berria aurkezteko eguna. Emanaldi berezia prestatu duzue?
Horrela izango da, bai. Batez ere, kanta gehienak lehen aldiz joko ditugulako jendaurrean. Kontzertu berezia izango da guretzako, eta ikusleentzat ere horrela izatea espero dugu.
Sorpresaren bat ere egongo dela esan duzue. Zerbait aurreratu dezakezue?
Beno, sorpresak beti gorde behar dira. Halere, horietako bat asteartean aurkeztu genuen. Nagore Pinedak Hashtags aurrerapen kantuaren bideoa egin du, eta dagoeneko sarean ikus daiteke.
Soul, rhythm and blues eta pop doinuak jorratzen dituzue. Estilo propioa landu duzue?
Gure musika, batez ere, pop doinuetan eta ahots jokoetan oinarritzen da. Aldi berean, musika beltzak, bai zaharrak eta bai berriak, eragin zuzena du gure musikan. Batzuetan nabariagoak dira swinga eta kabaret moduko doinuak, eta beste batzuetan garaikideak diren musikak hartzen ditugu oinarritzat. Esaterako, rhythm and bluesa, hip hopa eta rocka. Dena dela, gure ezaugarri nagusiak ahotsen arteko jokoak eta armoniak dira.
Musikaren alorretik zein mezu helarazi nahi zenukete aste honetako greba feministari dagokionez?
Asko pozten gaitu Musikagela Women izeneko jaialdian parte hartzeak, eta emakumea protagonista den taula gainera igotzea.
Aurkezpen kontzertuaren ondoren, beste emanaldirik eskainiko duzue?
Une honetan Never Surrender diskoaren promozioa egiten gabiltza, batez ere, hedabideetan. Hilaren 16an Euskadi Irratiko Hiri Gorrian saioan izango gara. Kontzertu akustikoa eskainiko dugu. Gainerako emanaldiak gure webgunean eta sare sozialetan iragarriko ditugu.
Jazzaldian kontzertu bat baino gehiago emandakoak zarete. Disko berriarekin aukera izango duzue berriz ere jotzeko?
Egia esan 2016ko Jazzaldian izan genuen esperientzia ahaztezina izan zen. Gure musika jende askorengana helarazteko aukera paregabea izan zen, eta asko gozatu genuen. Aurten ere tokiko taldeen aukeraketan parte hartu dugu, eta asko gustatuko litzaiguke uztailean Jazzaldiko agertokiren batean kontzertua ematea.