Parkearen aberastasuna
Uliako Mintegietako parkearen wiki-liburua argitaratu du auzo elkarteak. Zuhaitz, txori eta landare mota bakoitzaren artikuluak sortu eta eskura jarri dituzte.
Ondare naturala babesteko eta dokumentatzeko, Uliako Auzo Elkarteak egitasmo berri bat garatu eta aurkeztu du: Uliako Mintegietako parkea. Ezkutuzko altxor bat hirian bertan wiki-liburua. 2015eko azaroan parkean dauden zuhaitz eta txori espezieen artikuluak sortzen eta osatzen hasi ziren, Euskal Wikipediarekin lankidetzan. Interneten eskura jartzearekin batera, Wikimedia erakundearen bidez paperean argitaratu dute artikulu eta argazki bilduma.
Uliako Mintegietako parkean 39 zuhaitz mota eta 41 txori espezie topatu daitezke. Erronka bati esker lortu dute hori dokumentatzea. «Parkean dauden zuhaitz eta txori bakoitzak Wikipedian euskarazko artikulua izatea nahi genuen», azaldu du Kepa Sarasola auzo elkarteko kide eta wikilariak. Hain zuzen ere, 2016ko Kultur Hiriburutzaren harira abiatu zuten egitasmoa. «Euskarazko Wikipedia asko dinamizatu zuen, eta orduan esan genuen, baietz lortu parkearen inguruko artikulu guztiak eskura jartzea. Orduan wiki proiektu bat definitu genuen».
Pixkanaka eta laguntzaile askorekin parkearen aberastasuna sarean eta liburu batean jasotzea lortu dute. «SEO/BirdLife elkartearen lana aipatzekoa da. Hilabete askotan igande batez goizeko 8etatik 9ak arte parkean egon ziren ikusten zituzten txoriak dokumentatzen. 41 espezie zenbatu zituzten», dio Sarasolak. Zuhaitzei dagokienez, udal mintegien garrantzia azpimarratu du. «Hiriko lorategi guztietako landareak bertatik ateratzen ziren. Hemen dauden zuhaitz guztiak ez dira bertakoak. Orduko lorezainek bost kontinenteetako zuhaitzak ekarri zituzten».
Euskaraz ez ezik, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta katalanez ere irakur daitezke parkearen artikuluak Wikipedian. «Baten batek artikuluren batean hutsunerik topatzen badu, zuzendu edo osatzeko aukera du. Horrela bilduma hobea izango da», azaldu du Sarasolak. Horrekin batera, Uliako parkean ehundik gora argazki atera zituzten, sarera igo eta egindako lana biribiltzeko.
Liburutegietan
Mundu mailako Wikimedia erakundearen diru-laguntza bati esker, hiriko hamalau udal liburutegiei wiki-liburu bana oparitu diete. «Liburuak egiteko beste modu bat da Wikimedia. Iazko martxoan osatu genuen liburua, eta ekainean liburutegien eskaera jaso genuen liburua nahi zutela esanez. Argitaratzeko laguntza ekonomikoa topatu genuenez, atera eta liburutegiei oparitu diegu», dio Sarasolak.
Paperean «beste itxura» bat hartu du Uliako Auzo Elkarteak egindako lanak. «Artikuluak egokitzearekin batera, sarrera bat eta informazio osagarria gehitu diogu liburuari. 400 orri inguru ditu, eta koloretan ateratzea erabaki genuen merezi zuelako». Uliako Mintegien parkean egindakoa hiriko beste parke batzuetan egin beharko litzatekeela uste du Sarasolak. «Cristina Enea Fundazioari ale bat oparitu diogu Egiako parkearekin berdina egin dezaten».
Liburua erosi nahi duenak Internet bidez eskatu dezake. «50 euro inguruan ateratzen da. Halere, 20 bat liburu egiteko asmoa dugu orain, eta 40 eurotan jarriko ditugu salgai», azaldu du Sarasolak. Informazio guztia auzo elkartearen webgunean topa daiteke: www.ulia.eus.