Aitor Larrañaga eta Ladis Lopez Donosti?Berriko txirrindulariak, belodromoan. (Argazkia: I. Esnaola)
Igande honetan, hilaren 11n, 55. Zumy saria jokatuko da. Donosti Berri txirrindularitza taldeko juniorrak prest daude Gipuzkoa mailako hirugarren lasterketarako.
Egiako Ametzagaina kalean izango dute helmuga 55. Zumy sarian –J.J. Zabala eta J. Zumeta memoriala– parte hartuko duten junior mailako txirrindulariek. Donosti Berri taldekoak igandeko lasterketan parte hartuko dute, eta emaitza txukuna lortzen saiatuko dira. Horien artean daude Aitor Larrañaga (Antigua, 2000) eta Ladis Lopez (Amara, 2000). Bi gazteek helburu desberdina dute probari begira, baina bat egiten dute oinarriarekin: lehiatzera aterako dira.
Gipuzkoako junior mailako hirugarren lasterketa da Egiako klasikoa. Donosti Berri da hiriko txirrindularitza talde bakarra, eta etxeko proba izanik duen garrantzia ematen diote, gainerakoak ahaztu gabe. Larrañagak konfiantza du igandean ondo aritzeko: «Orain arte bi lasterketa egin ditut eta indartsu sentitu naiz. Aukerak ditudala uste dut». Probaren ibilbidea berarentzako egokia dela uste du, eta lehenengoen artean ibiliko dela uste du. «Ea zorte pixka bat dugun eta aurreko multzoan iristen naizen esprinta jokatzeko».
Junior mailako lasterketak kontrolpean izatea zaila da, eta normala da ihesaldi asko sortzea. Horietako batean sartzen ahaleginduko da Lopez. «Oraindik ez nago sasoirik onenean, baina erasoei erantzuten eta ihesaldiren batean sartzea da nire asmoa». Hasiera batean, askatasuna dute Donosti?Berriko txirrindulariek, baina talde estrategia ez dute baztertzen. «Lasterketaren araberakoa izaten da. Ihesaldiek arrakastarik ez badute, bukaeran Larraren alde egingo dugu lana».
Sagardotegietatik
Egian hasi eta Egian bukatu ohi da Zumy saria. Aurtengo ibilbideak 79 kilometro ditu, eta hainbat berezitasun. Horietako bat da Astigarragako sagardotegi hainbaten albotik pasako dela. «Aldaketak egin dituzte ibilbidean, eta bitxia da sagardotegi hainbaten albotik pasako garela jakitea», dio Lopezek. Perfilari dagokionez, proba ez da igotzaileentzako Larrañagaren ustez. «Aurreko multzoan iristeko ez da askorik egin behar, baina egia da erasoak eta ihesaldian kontrolatzea zaila izaten dela».
Goizeko bederatzi eta erdietan abiatuko dira txirrindulariak Ametzaigaina kaletik. Bidean hiriko beste hainbat auzotatik pasako dira: Loiola, Loiolako Erribera, Martutene, Altza eta Amara. Zailtasunak, ordea, hiritik kanpo izango dituzte. Astigarragako Benta bi bider gainditu beharko dute, eta ibilbide horretan Oiartzun,?Errenteria eta Astigarragatik bertatik igaroko dira. Azkenik, helmuga Ametzagaina kalearen erdialdean izango dute. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren aurreikuspenaren arabera, 11:30 inguruan iritsiko dira txirrindulariak aipaturiko helmugara. Iaz, Oier Lazkano arabarra izan zen irabazlea.
Denboraldian aurrera
Zumy sariak garrantzia berezia du Larrañaga eta Lopezentzat. Baina hurrengo lasterketei begira ere badaude. «Aste Santura bitarte pistako txirrindularitzari emango diot lehentasuna, eta Espainiako txapelketetan ondo ibili nahi nuke», azaldu du Larrañagak. Pista eta errepidea tartekatuko ditu, eta bestelako helburuak baditu denboraldiari begira. «Gipuzkoako erlojuaren kontrako txapelketa eta Gipuzkoako itzulia buruan ditut. Onenekin lehiatzeko aukera dut. Iruñerriko itzulian ere emaitza polita lortu nahi nuke».
Txirrindulari irabazlea ez bada ere, pasa den denboraldian Mendaroko lasterketa irabazi zuen Larrañagak, eta kadete mailan ere lasterketa batzuk irabazi zituen. Erronka denboraldi honetan dauka. «Aurten zailagoa izango da irabaztea maila batetik bestera jauzia dagoelako, baina saiatuko naiz».
Sasoi puntua hartu ondoren, lehen hamarren artean sailkatzeko gogotsu dago Lopez. «Postu txukunen bat lortu nahi nuke. Hori ihesaldiren baten bidez lortu dezaket. Multzo handian iritsita aukera gutxi ditut postu ona egiteko. Lasterketaren bat irabaztea, berriz, ezinezkoa iruditzen zait».
Gazteak dira Donosti?Berriko bi txirrindulariak eta trebatzeko denbora alde dute. Guztiek ez dute lortzen koxka bat gora egitea, baina klubean ibilitako txirrindulariren batek emaitza onen bat lortzen badu, hauspo bikaina da beraientzat. Otsaila bukaeran, Igeldoko Onditz Urruzmendi txirrindulariak 23 urtez azpiko Euskaldun txapelketako lehen lasterketa irabazi zuen. Larrañaga eta Lopez Zumaiko helmugan izan ziren. «Urrunetik ondo kokatua zegoela ikusi genuen, eta helmugan besoak altxatzen ikustea ikaragarria izan zen», azaldu dute.
Txirrindulari ezagunek irabazi dute lasterketa
Egiako klasikoak duen historia benetan harrigarria da. 60ko hamarkada erdialdean hasi ziren antolatzen, eta ordutik osatu duen palmaresa oso esanguratsua da.
Lehen irabazlea Benigno Rodriguez izan zen, 1964an. Urte batzuetako etenaren ondoren, 69tik egun arte urtero antolatu dute Zumy saria. Junior mailako lasterketa izanik ere, palmaresean txirrindulari ezagun asko topatu daitezke. Horietako batzuk dira Abraham Olano (1987), Alejandro Valverde (1997), Iban Iriondo (2001), Gari Bravo (2007), Jesus Herrada (2008) eta Ion Ander Intxausti (2009).
Aurtengo irabazlea igandean jakin ahal izango da, eta palmares esanguratsuaren parte izatera pasako da.