Lur jausi handia gertatu da Igeldon
Bost familia euren etxeetatik atera behar izan dituzte Igeldon, lur jausi handi baten ondorioz. Larunbat goizaldean izan da luizia, 4:00etan, Itsasargiko ibilbideko 59. zenbakian. Suhiltzaileak eta udaltzaingoak bertaratu dira, baita udal arkitekto bat ere, eta egindako balorazioaren ondorioz atera dituzte familiak, segurtasun arrazoiengatik, euri gehiago egingo duela baitiote aurreikuspenek. Familietako bi bideratu dituzte hoteletara, eta beste hiruak senitartekoen etxeetara joan dira. Astelehenera arte, gutxienez, bizilagunek ezingo dute euren etxeetara itzuli, makinek ezin baitute sartu momentuz.
Denbora beharko dute lur jausiaren arrazoi zehatza zein izan den jakiteko. Momentuz, errepidea moztu behar izan dute ibilgailuentzat; ura ere moztu dute, ihes batengatik, eta elektrizitatea. Jolas parketik barrena bidea ireki behar izan dute, goiko bizilagunek hirigunerako joan-etorrirako aukera izan dezaten.