Añorgatarrekin martxa egin zuen Belartza 2 Gelditu plataformak.
Belartza II Gelditu plataformak salatu du Añorgako Belartza Goikoa eremuan merkataritza Poligono bat ezarri nahi dutela: “Duela bi urtetik hona salatzen ari garena baieztatu da: sustatzaile zein Donostiako Udalaren benetako asmoa da merkataritza makropoligonoa ezartzea, 209.000 metro koadro lituzkeena”.
Elkartekoek diote ez dela nahikoa Errekatxulo gunea egitasmotik kanpo uztea: “Legeak ezarritako proiektuaren berridazpena mozorrotu nahi dute, talde ekologista zein bizilagun taldeen protestei erantzuteko”. Azken batean, kexu dira ingurumenari “kalte nabarmenak” ekarriko dizkiolako proiektu berriak: zoru naturalaren artifizializazioa, argiteria kutsadura, mugikortasun masiboa, Unanue landa parkeari kaltea, bertako merkataritza txikiari eta Añorgako herritarren bizi-kalitateari kaltea.
“Plan Orokorraren aldaketa korrika eta presaka mahai gaineratu dute”, dio plataformak. Udalak astearte arratsalderako bilera ireki bat deitu du, baina plataformakoek ez dute gogoko erabakia: “Proiektuari buruzko saio informatiboa astebeteko aurrerapenez deitu du udalak”.