Nola egingo nuke diagnostiko bat
Pertsona bat kontsultara sartzen den momentutik hasiko da behaketa; nola mugitzen den, nola esertzen den, nola ibiltzen den, ea deitzean lepoa giratzen duen etab. begiratuko dugu. Lehenengo behaketa honek informazio asko ematen digu. Gaixoa naturalki obserbatuta sentitu gabe nola funtzionatzen duen ikus dezakegu.
Bigarren urratsa ANAMNESI deritzoguna da. Bertan galdeketa sakon baten bitartez datu interesgarri asko lor ditzakegu. Familian aurrekaririk dagoen, mina nolakoa den, noiz, nola, noiztik… Galdera ezberdin pilo bati erantzunez lehenengo ideia egingo genuke.
Ondoren, obserbazio estatikoa egingo genuke. Bertan posturan arazorik edo aldaketarik dagoen ikus genezake. Segidan obserbazio dinamikoa, hau da, mugimendua kantitatean zein kalitatean ondo egiten duen antzemango genuke.
Hemendik aurrera fisioterapeuton helburua mugimendu zein test ezberdinen bitartez pazientearen sintoma erreproduzitzea da. Behin hau lortuta lehen hipotesia izango genuke.
Kasu batzuetan alerta izan daitezkeen hainbat datu aurki ditzakegu. Hauei bandera gorriak deitzen diegu. Horrelakorik aurkituko bagenu, behar den medikuarengana bideratuko genuke hainbat gaitz baztertzeko asmoz.
Diagnostikoa osatzeko hiru atal aztertzen ditugu: artikularra, muskularra eta neurala. Lesio batek hiru atal hauetan eduki baitezake inplikazioa.
Gaur ez dugu honetan sakonduko, baina badira minak ehunen gaitzekin zerikusirik ez dutenak. Kasu hauek oso kontuan hartzekoak dira eta beste artikulu batean aztertuko ditugu.
Behin lehen diagnostikoa izanda, behar den tratamendua egingo genuke; eta beti tratamendu hau egin ostean berriro ebaluatuko genuke egindako tratamenduak sintometan aldaketarik eragin duen ala ez ikusteko. Berbaluazio honek diagnostikoa konfirmatuko luke.
Hau guztia egin ondoren, diagnostikoa guztiz argia ez baldin bada, erresonantzia, erradiografia edo beharrezkoa izan daitekeen froga osagarria eska genezake.
Hau guztia egiten da? Edo lehenbizi froga osagarriak atera eta bertan ikusten dena diaknostikotzat hartzen da? Non gelditzen dira historia, esplorazioa etab.?