Asier Etxenike, Aztikerreko zuzendaria.
Aztiker soziologia ikerguneko zuzendaria da Asier Etxenike (Errenteria, 1979). Pentsiodunen mobilizazioek hauteskundeetan izan ditzaketen emaitzak eta eraginak aztertu ditu.
Pentsiodunen borrokak hauteskundeetan izan dezakeen eragina aztertu duzu Aztikerren webgunean.
Euskadi Irratitik deitu zidaten pentsiodunen haserrealdiak hauteskundeetan eraginik izango duten aztertzeko. Hori dela eta, azken Nabarrometroa eta Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko soziometroa begiratu ditut eta hainbat datu nabarmen aurkitu ditut.
Zeintzuk?
Alde batetik, nabari da 65 urtetik gorakoak direla aktiboenak botoa ematen; horiek dira barneratuen dutenak bozkatzera joan behar direla. Zentzu horretan, demografikoki ere pisu handia dute. Bozkatzera deituak dauden 18 urtetik gorakoen artean laurdena dira, eta bozka ematen dutenei erreparatuta, ehuneko hori handitu egiten da. Alde horretatik, argi geratzen da zeresana, behintzat, badutela.
Eta uste duzu zeresan eta indar hori hauteskundeetan islatuko dela?
Kopuruari erreparatuta argi dago indar handia dutela, gero ikusteko dago hauteskundeetan haserre hori nabarituko ote den, eta indar hori erabiltzeko prest ote dauden. Izan ere, datuei begiratuta ikusten da oso fidelak direla bozkatzeko orduan. Normalean, bozka beti alderdi berari ematen diote eta bozka intentzioaren inguruko inkestetan ez da bozka aldatzeko asmorik nabari. Orduan, ikusteko dago haserrealdia noraino iritsiko den eta horren eraginak zein ondorio eta kalte ekar ditzakeen.
Azken hilabeteetan mobilizazio ugari egin dituzte. Alderdiak kontziente dira eduki dezaketen indarraz?
Nik baietz uste dut. Ardura nolabait PPren gainean dago jarrita eta hori da kontua. Estatu mailan presio handia nabaritzea normalagoa da, EAEn PPk ez du apenas indarrik, izatekotan Araban. Hemen pisu gehien daukana, zalantzarik gabe, EAJ da. Pentsiodunen %35 inguruk bozkatu zioten, PSE-EEren aurretik. Azken honek %12 inguru lortu zituen. EAJ eta beste alderdien arteko aldea oso handia da. Nafarroan orekatuago daude. UPN da nagusi, baina besteek gertuagotik jarraitzen diote.
Demografikoki 65 urtetik gorakoak asko izateak pentsioen aferan zeresana duela diote erakundeek.
Hor faktore ekonomikoetan sartzen gara, eta arlo horretan nire iritzia soilik eman dezaket. Nik uste dut hori erabaki politiko bat dela, urteetan zaku hori uzten joan dira egoera honetara iritsi arte. Esaten dute ez dela bideragarria baina hori erabaki politiko bat da. Ongizate estatua deseraikitzen joan dira eta pentsioak sistema horren oinarria dira; jende askori eragiten diote eta pentsiorik ezean ezer gabe geratzen dira.
Zer esan nahi duzu?
Langabezian bazaude, esaterako, eta prestaziorik gabe geratzen bazara, neurri batean, aukera eduki dezakezu lana bilatzeko, baina nagusien kasuan pentsioak dira euren aukera bakarra. Hori dela eta, mobilizazioak egiterakoan ere beste dimentsio bat hartzen du gaiak.
Krisi garaietan berebiziko garrantzia izan dute pentsiodunek hainbat familiatan.
Praktikan urte askoan pentsioak izan dira familia ugaritan baliabide bakarra eta horren gainean eraiki da gure sistema. Orain askok Toledoko paktuaz hitz egiten dute. Azkenean, paktu horren oinarrian nagusiak babestea zegoen, horrela, zeharka gazteak ere laguntzeko. Orain gazteak laguntzarik gabe daude eta nagusiak ere gero eta okerrago. Krisian argi ikusi da familia askotan pentsiodunengatik egin dutela aurrera, badirudi orain gauzak hobetzen ari direla, eta horregatik, pentsiodunek ere beraien baldintzak hobetzea nahi dute.
Gazteak ere deitu dituzte larunbateko mobilizaziora.
Logika ikusten diot horri, dudarik gabe, baina zalantzak ere baditut. Azken finean, askorentzat oso urruti dagoen kontu bat da, etorkizuneko arazo bat. Nahiz eta, noski, oso erreala izan. Posible da gazteek urruti ikustea eta beraien egunerokotasunetik gertuago dauden arazoei lehentasuna ematea: esaterako, prekarietatea, langabezia edo etxebizitza. Agian larunbatean batuko dira mobilizazioetara, baina modu iraunkorrean presioa egiten egotea zailagoa ikusten dut. Dena den, egia da batzuetan errazagoa dela abian dagoen mugimendu batera gehitzea zerotik hastea baino. Beraz, ikusteko dago aurrerantzean borroka honek zein bide hartuko dituen.