Altzako behin-behineko kiroldegia urte bukaerarako egongo da prest
Donostiako Udalak eta Kutxa Fundazioak hitzarmena sinatu dute Altzako Eraikuntzaren Institutu zaharra auzoko behin-behineko kiroldegia izan dadin. Egokitzapen lanak urtea bukatu aurretik bukatzea aurreikusi du udalak, eta datozen lau urteetan erabili ahal izango dute auzotarrek.
“Altzatar guztiek eskertuko duten keinua da. Egun hutsik zegoen eraikin hau, auzoaren erdi erdian, instalazio ezin hobea izango da kiroldegi berria egin bitartean, bizilagunek euren kirol beharrak neurri batean asetzeko”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Kirol instalazioen ezaugarriak
Behin-behineko gimnasioak 930 metro karratuko azalera izango du, eta Kutxa Fundazioak Udalari dohainik utzitako Eraikuntza Institutu zaharreko eraikin batean instalatuko da. Lanak egiteko proiektua dagoeneko esleitu da, lanetarako epea 175 egunetakoa da eta 1.550.000 euroko aurrekontua izango dute.
Kirol gune guztiak beheko solairuan eraikiko dira irisgarritasuna bermatzeko, eta kanpoaldean dagoen aparkalekua ere erabilgarria izango da. Gihartze gimnasio bat eta gimnasio kardio bat izango ditu, eta 283 metro karratuko azalera izango dute. Gainera, ziklo indoor aretoa (75m2) eta ikastaroetarako areto bat (106 m2) ere egongo dira. Eraikitako gainontzeko metro karratuak komunak eta aldageletarako izango dira.