Gure Esku Dagoren galdeketa egingo duen lehen hiriburua bilakatuko da Donostia udazkenean. Hori gauzatzeko 6.000 sinaduratik gora bildu dituzte hiriko auzoetan
Antiguako lantaldeak Txalupagillene plazan jartzen du mahaia larunbatero. (Argazkia: Malen Aldalur)
Donostia Euskal Herriaren estatus politikoaren inguruko galdeketa antolatuko duen lehen hiriburua izango dela plazaratu zuen Gure Esku Dagok azaroan. Hori posible egiteko, apirilerako 7.879 sinadura (hiriko biztanleen %5a) biltzeko erronka bota zuen plataformak, hiri mailako galdeketa ofizialak antolatzeko udalak eskatzen duen zifra bereganatuz. Herritarrez osaturiko Donostia Galdeketa taldea gogor ibili da lanean orduz geroztik, lantaldeen antolakuntzan, hasieran, eta auzoz auzoko sinadura bilketan, urtarriletik.
Zailtasunak izan badituzte ere, hirian dagoeneko 6.000 sinaduratik gora bildu dituztela dio Ibon Rosales elkarteko lehendakariak: «Pixkanaka goaz, zailtasunak barne;?nahiz eta pentsatzen genuena baino gogorragoa izaten ari den arren, ilusio handiz gabiltza lanean».
Sinaduren bilketan topatu duten oztopo garrantzitsuena jendearen ezjakintasuna dela dio elkarteak, eta uste dute hedabideek gaiaren inguruan egin duten jarraipena urria izan dela. «Jendea guregana etorri ordez,beraiengana joan behar garenak gu garela ikusi dugu».
Bilketetan jasan duten beste arazo bat nabarmendu du Dani?Goñik, Groseko lantaldeko kideak. Izan ere, berak dioen bezala, «urtarrilean eta otsailean euria eta hotza besterik ez ditugu eduki», horrek kalean lan egiten duenari suposatzen dizkion zailtasunekin. Hala ere, auzoan bildutakoarekin pozik dabiltzala dio Goñik, bertan mila sinadura baino gehiago lortu baitituzte jada.
“Posible dela” erakusteko
Galdeketak jaso dituzten herrietako esperientziak ikusita, sinaduren bilketak berebiziko garrantzia duela ongi dakite elkarteko kideek, «alde batetik zilegitasuna eman eta, bestetik, parte hartze minimo bat bermatzen dutelako», Rosalesen arabera.
Parte hartzeari dagokionez, ordea, espektatibarik ez dutela dio elkarteko lehendakariak:?«Ez dugu kopururik markatu, galdeketa honetatik loteslea den ezer aterako ez delako». Euren helburua galdeketa egitea posible dela azaleratzea dela diote taldetik:?«Galdetuak izan nahi dugu, zein gizarte eta zein erlazio nahi ditugun adosteko. Baina hori ezinezkoa dela esan digute beti. Guk, herritar xume gisa, berriz, posible dela erakutsiko dugu». Egindako lanari esker, erabakitzeko eskubidea erdigunean dagoen gaia da orain, Rosalesen ustez.
Donostia Galdeketako boluntarioak hiriko auzo gehienetara irteten dira larunbatero sinadurak biltzeko; «Gure egitura behetik gora antolatu dugu, auzoetan oinarriturik, gure eskubideak aldarrikatzeko goiko dekreturik behar ez dugulako», dio Rosalesek.
Lantalde horietako batzuk aspalditik dabiltza lanean, Gure Esku Dagok 2014an Iruñea eta Durango lotzeko giza katea egin zuenetik, hain zuzen. Urte horretan Groseko lantaldeak 700 pertsona bildu zituen auzoan ekitaldirako, eta horrek harremanak sortzen lagundu ziela dio Goñik: «Geroztik epe desberdinak izan ditugu, eta jendea aldatzen joan da, baina beti ibili gara Gure Esku Dagoren ekitaldiei buruzko informazioa auzotik zabaltzen». Galdeketarekin hasi zirenetik, ordea, jende berri dezente batu zaiela dio Groseko lantaldeko kideak: «Taldearen erdia pertsona berriek osatzen dute orain».
Herritarrak ez dira, baina, sinadurak biltzen dabiltzan bakarrak. Izan ere, hainbat alderdi (EH?Bildu eta EAJ) eta sindikatuetako (ELA, LAB eta Steilas) kideek sinadura orriak eskatu dizkietela dio Rosalesek:?«Inork ez luke esango Donostian lortzen ari garen adostasunak lortuko genituzkeenik, baina gurean elkar lanean dabiltza. Harresi asko botatzen ari gara».
Fase baten bukaera
Markatutako sinadura kopurua lortzeko hilabete eskas gelditzen bazaie ere, esandakoa betetzen saiatuko direla diote elkartetik. Lehen fase hori bukatzean, berriz, herritarrei zein galdera formulatuko zaien adosteko prozesua jarriko dute abian. Data ere adostear daukate, Irunen azaroaren 18an egingo den galdeketarekin «sinergiak sortzeko» asmoz Donostiako galdeketa egun berean egitea aintzat hartzen ari badira ere.
Lehenago, ekainaren 10ean, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako aldundiak lotuko dituen bigarren giza kate bat egingo du Gure Esku Dagok. «Sinbologia handiko ekintza» izango dela dio?Rosalesek, «herritarron subiranotasuna legebiltzarrera iritsiko dela irudikatzen duelako».
Nolabaiteko errelebo horri begira, «Gure Esku Dagok markatutako ibilbidearen bukaeran» daudela dio Donostia Galdeketako lehendakariak. Baina, berak dioen bezala, «horrek ez du esan nahi jarraipenik izango ez duenik».