(Argazkia: I. Esnaola)
Emakume presoek jasaten duten zigor erantsia salatzeko giza kate-kalejira egingo du bihar Sare-k, 12:00etan. Autobus geltokia eta epaitegia lotuko dituzte sakabanaketa eta bakartzea irudikatzeko.
Oihana Agirre, preso ohia
Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio bat deitzeagatik espetxeratu zuten Oihana Agirre (Egia, 1974). 2007ko urrian atxilotu eta urtebete luze eman zuen espetxean. Baldintzapean libre geratu ostean, 2011n epaitu eta zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Beste bost urte luze zituen espetxean, eta defentsak Auzitegi Gorenean jarritako errekurtsoari esker atera zen kalera 2016an. Espetxean emakume gisara bizi izandako esperientzia kontatu nahi izan du.
Atxiloketetan jaso zenuen tratamendua nolakoa izan zen?
Bi atxiloketetan tratu ona jaso nuen, agindua zuten horretarako. Inkomunikatuta egon nintzen lehen aldian auzitegiko forentsearen bisita izan nuen egun guztietan. Dena dela, Madrilen epailearen aurretik pasa ondoren Soto del Realeko kartzelan sartu ninduten bi hilabeterako. Bakarrik egon nintzen eta artikulu bat aplikatu zidaten. Preso sozialak patiora jaisten diren orduetan ezin nintzen ni jaitsi, eta alderantziz.
Espetxealdian, berriz, emakume izateagatik zein oztopo izan zenituen?
Espainian ez daude emakumeentzako espetxe asko. Ni Avilako emakumeentzako kartzelan egon nintzen. Alde horretatik, ginekologia eta bestelako oinarrizko zerbitzu batzuk eskura izan nituen. Baina gizonezkoen espetxeetan zerbitzu horiek ez daude bermatuta. Soto del Realen pasa nituen bi hilabeteetan ikusi nuen ginekologoa oso noizean behin pasatzen zela, eta itxaron beharreko denbora gehiegizkoa zela. Bestalde, emakumeentzako espetxean aisialdirako tailerrak generoarekin erabat loturikoak ziren. Tailerrean josteko makinak, oihalak eta beste zeuden. Ez zegoen beste aukerarik.
Gogoan duzu bizi izandako pasarte txarrik?
Lehen graduan nengoela arazoak izan genituen preso sozial batekin. Haserre zegoen munduarekin eta besteon kontra jarri zen. Gurekin batera GRAPOko bat zegoen, dutxan bakarrik topatu eta jipoitu egin zuen. Nirekin presoen kolektiboko beste hiru kide zeuden eta arrazoi desberdinengatik beste espetxe batzuetara eraman zituzten. Bakarrik geratu nintzen moduluan. Horrek kezka eta beldurra sortu zidan. Bertan bizi behar baduzu ez dakizu zuri ere horrelako zerbait gertatuko zaizun. Babesik gabe eta kezkak konpartitzeko aukerarik gabe geratu nintzen.
Zure kasuan bakartze egoera nolakoa izan zen?
Bakartuta egotea ez da atsegina. Beste presoekin hitz egiteko aukerarik ez duzu. Hizkuntzari dagokionez ere euskara ezin duzu normaltasunez erabili, telefonoz edo bisitetan ez bada. Hori galdu egiten duzu. Kideekin egoteak laguntzen du Euskal Herriko lotura mantentzen, baina bakartzean ez duzu horretarako aukerarik. Sentimenduen aldetik ere, zeini esango diozu gaizki zaudela? Beste presoak sozialki nahikoa zapalduak daude zure atsekabeak entzuteko. Egunerokotasuna pisutsua eta gogorra da. Beste presoekin harremanak egin nituen, baina ez da gauza bera.
Emakumeak espetxean dituen zigor erantsiak zeintzuk dira?
Kartzela bera maskulinoa da, eta funtzionamenduak baldintzatzen zaitu. Nahiz eta emakumeen espetxe batean egon, berdin funtzionatzen dute. Ez dago emakumea behar bezala tratatzeko egiturarik. Espetxe orokorretan emakumeen modulua soberan zutena da. Moldaturiko moduluak dira, txikiagoak. Kiroldegira joateko gizonek dute lehentasuna, besteak beste. Azken batean, emakumea bigarren mailako pertsona da espetxean.
Zer nolako eragina izan du zugan espetxealdiak?
Harremanak ikaragarri aldatzen dira. Urte asko pasatzen dituzu etxetik kanpo, eta hemen jendeak bere bizitza egiten jarraitzen du. Hori normala da. Baina espetxean dagoena denboran geldirik geratzen da. Horrelako batean kartzelatik atera eta ikusten duzu dena aldatu dela. Espetxera egokitu ondoren, berriz ere kaleko erritmoa hartu behar duzu. Ederra da espetxetik ateratzen zaren momentua, baina berriz ere egokitu behar zara eguneroko bizitzara. Nik zortea izan dut babesa izan dudalako eta lana azkar topatu nuelako.
Ordutegien aldetik bai nabaritu nuela aldaketa. Espetxean ordutegiak oso zehatzak dira, eta kalera irtetean dena aldatzen da. Osasun aldetik ere ondorioak izan ditut. Barruan estres asko pasa nuen. Lasai egon arren, tentsioa nuen kezka eta beldurrengatik. Bestelako kezkak ere badituzu. Jakin badakit ni baino okerrago daudela batzuk. Adibidez, Arantxa Zuluetaren kasua dago. Isolatuta eta bakartuta izan zuten, eta hori oso gogorra da. Horrelako egoeretan egon daitezkeen emakumeak daudela jakiteak sentsazio gazi-gozoa uzten dizu.
Beste emakume presoekin hitz egin duzu esperientziari buruz?
Biltzen ari gara gure bizipenak konpartitzeko. Barruan daudenekin ere harremanetan egon nahi dugu. Egun dituzten bizipenak jaso nahi ditugu, testigantza horiek lantzeko. Azken batean, emakume bakartuen egoerak gero eta gehiago izango dira. Bakoitza punta batean dago eta gehienez binaka daude, hemengo moduluetan daudenak kenduta. Egoera oso kezkagarria da.
Zeinek du erantzukizuna emakumeek kartzelan duten egoerari irtenbidea emateko?
Espetxe politika aldatu behar da goitik behera. Ardura nagusia Espainiak eta Frantziak dute. Emakumeek jasaten duten zigor erantsiaren inguruan lan batzuk egin dituzte psikologo eta adituek. Agerian uzten dute emakumea bigarren mailako pertsona dela. Ordea, agintariei ez zaie gehiegi axola. Euskal Herritik ere presio politikoa egin behar da estatuak mugitzeko. Eusko Jaurlaritzak bere ardura zuzena du horren inguruan.
Emakumeek kartzelan bizi duten egoera iritsi al da gizartera?
Ez. Espetxeetako egoera bere orokortasunean ez da ezagutzen. Zer nolako zigorra den, nola funtzionatzen duen, zergatik dagoen horrela diseinatua eta are gutxiago emakumeen kasua zein den.
Giza katearen bidez zer irudikatzen saiatuko zarete?
Dispertsioak emakumeak kartzelan dituen baldintzak are gehiago zailtzen dituela. Argi dago euskal presoak Euskal Herrian egongo balira kudeaketa beste bat izango litzatekeela. Bestetik, Euskal Herriko eragile, alderdi eta norbanakoei eskatu nahi diegu ardura har dezaten gai honen inguruan. Denon esku dago baldintza horiek hobetzea. Asko eskertuko genuke jendeak giza katean gurekin batera parte hartzea. Denon esku dago egoera honi buelta ematea.