Pentsio duinen alde borrokan
Pentsiodunek kaleak hartuko dituzte bihar, pentsio duinen alde eta %0,25eko igoeraren aurka. Erakunde publikoen eta alderdi politikoen babesa eta konpromisoa eskatu dituzte.
Altxatu egin dira eta ez dute ezer lortu gabe esertzeko asmorik. Hala azaldu dute adineko elkarte eta mugimenduek. Indar erakustaldia egin zuten otsailaren 22an, hiriburuetan, eta bihar berriro hartuko dituzte kaleak. PAMG osatzen duten elkarteek egin dute Donostiako mobilizazioan parte hartzeko deia. Bertan daude: Nagusilan, Helduak adi, Duintasuna, GEPE, FEVAAS Gipuzkoa, Pensionistas Txingudi, Appetol eta Appabade. Bi aldarri nagusi egin nahi dituzte: %0,25eko igoera mugarekin apurtu nahi dute eta?1.080 euroko pentsio minimoak exijituko dituzte.
Horiek dira elkarte guztien adostasun puntuak eta horiek izango dira larunbatean hiriko kaleetan aterako dituzten aldarrikapen nagusiak. Dena den, elkarte bakoitzak baditu bere aldarrikapenak:?esaterako, batzuk babes eta segurtasun sozialerako erakunde propioa eskatzen dute; beste batzuek aldiz, Toledoko Paktuaz hitz egiten dute. Lehenengoek Euskal Herriko sistema propio bat eskatuko dute, besteek, 1995ean onartutako babes eta segurtasun sozialerako proposamenari eutsi nahi diote.
Duintasuna Gipuzkoako jubilatuen eta pentsiodunen elkarteko kideak dira Joxe Martin Altuna eta Maria Serrano pentsiodun donostiarrak. Astelehen goizero egiten dute protesta beste hainbat pentsiodunekin batera Alderdi Ederren, eta “haserre eta irmotasun” berarekin joango dira larunbatean 18:00etan Alderdi Ederren bertan hasiko den mobilizaziora. Espainiako Estatuko hiriburu guztiak josiko dituzte aldarrikapenez pentsiodunek, oraingoan larunbatez. Izan ere, azken mobilizazioa ostegunean egin zuten. Orain, pentsioen arazoa gizarte osoaren arazoa dela ikusarazi nahi dute, eta horregatik, gazteak ere deitu dituzte mobilizazioan beraiekin batera parte hartzera, “etorkizuneko pentsio duin batzuen alde”.
Duintasuna elkarteko kideek argi dituzte euren hiru aldarrikapenak: “%0,25eko igoerarekin amaitu nahi dugu eta pentsioak Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) arabera igotzea eskatzen dugu;? uste dugu 1.080 euroko gutxieneko pentsioak ezinbestekoak direla duintasunez bizitzeko; eta arazoa konpontzeko babes eta segurtasun sozialerako erakunde propioa beharrezkoa dela uste dugu”. Horixe da Duintasuna elkartearen bereizgarria, beste jubilatuen eta pentsiodunen elkarte batzuek ez bezala, sistema propioa eskatzen dute.
Azaldu dute ez dagoela neurri horiek ez hartzeko aitzakiarik. Orain dela sei urte izoztu zituzten pentsioak Espainiako Alderdi Sozialista agintean zegoela. Geroztik, urtero %0,25eko igoera muga izan dute. Hala ere, Espainiako Estatuan 2017an KPI-a %1,2 igo dela diote eta Barne Produktu Gordina %3,1 igotzea aurreikusten dute. “Egoera hobetu den arren, pentsioak %0,25 soilik igo dituzte, lotsagarria da”, nabarmendu du Altunak. Izan ere, pentsiodunen erosteko ahalmenaren galera Hego Euskal Herrian 2011tik hona %6,5ekoa izan da. Bestalde, gaineratu dute pentsio “apalenak” osatzeko ezartzen diren Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) jaitsiera ere %13,5ekoa izan dela 2011. urtetik. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak 2022ra arte “inposatutako” %0,25eko igoerak erosteko ahalmena mugatuko dietela uste dute.
Emakumeak okerrago
Horren aurrean Altunak argi du zer egin behar den:?”Hemengo sistema propioa sortu”. Hala ere, bitartean Eusko Jaurlaritzak arazoa konpontzeko bideak badituela uste du Serranok: “Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu pentsiorik txikienak Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez osatzeko 1.080 eurora iritsi arte”.
Donostian 65 urte baino gehiago dituzte biztanleen %23,2k Eustateko datuen arabera, eta beraz, nahiko hiri zaharra da. Gipuzkoan 184.630 pentsiodun daude, eta horietatik 108.226 pentsiodunek (%58) 1.100 eurotik behera jasotzen dute. Serranok gogorarazi du kontuan izan behar dela pentsiorik baxuenak dituztenen artean, gehienak emakumeak direla. Hau da, 1.100 eurotik behera jasotzen duten pentsiodunen artean 74.395 dira emakumezkoak. Gainera, horietatik 32.149 emakumek 600 eurotik beherako pentsioak dituzte. “Gipuzkoan 1.100 eurotik beherako soldatak dituzten hamar pentsiodunetatik zazpi emakumeak gara”, dio Serranok: “Besteak beste, horregatik egin genuen guk ere planto martxoaren 8an”.
Pentsio pribatuak
Altunak pentsio pribatuen mehatxua azpimarratu du: “Banku eta Aseguru etxe handiak pentsiodunengana etortzen dira, eta pentsio pribatuak etorkizunean bizirauteko aukera bakar bezala aurkezten dizkigute”.
Uste dute pentsio publikoen egoera kaskarra dela horren erantzule eta “onartezina” dela:?”%0,25a igotzeaz gain, medikamentuak gero eta garestiagoak dira eta EAJk ez du Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren laguntza igotzeko Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata kontuan hartzen”.
Horregatik guztiagatik ez dituzte batere ase asteazkenean Mariano Rajoyk kongresuan pentsiodunen inguruan egindako eztabaida monografikoan esandakoak . “Iruzur” egin dietela uste dute eta larunbateko mobilizazioetara “indar berarekin edo gehiagorekin” joango direla azaldu dute.
Rajoyk dio pentsiorik baxuenak eta alargunen pentsioak igoko dituela. Pentsiodunek, aldiz, salatu dute ez dituela euren eskariak bete eta ez duela zehaztu igoera horiek zenbatekoak izango diren eta noiz egingo dituen. Gaineratu dute Rajoyk pentsioen edozein hobekuntza bere aurrekontuak onartzearekin lotu dituela.
Irmoki salatu dute gizartearen %25ari eragiten dion arazo bati entzungor egin izana. Hori dela eta, Duintasuna elkartetik gainerako alderdiei beraien proposamenak zeintzuk diren azaltzeko eskatu diete.
Udalari eskaera
Pentsiodunen aferan esku hartze gehien Espainiako Gobernuak egin behar dituenaren jakitun dira Altuna eta Serrano. Dena dela, beraien ezinegona azaldu eta babesa bilatu nahi dute bestelako erakunde publikoetan ere. Horregatik, Gipuzkoako jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak mozio bat aurkeztu die Donostiako Udaleko alderdi politiko guztiei martxoaren 22ko udalbatzarrean eztabaidatu dezaten.
“Pentsiodunok aspaldi nabaritzen ari gara gure pentsioen eros ahalmena galtzen ari dela”, azaldu dute aurkeztutako idatzian. Pentsiodun gehienak “txirotasunaren atalasaren azpitik” kobratzen dutela diote eta azpimarratu dute gero eta zailagoa egiten zaiela “duintasunez bizitzea”.
Hori dela eta, bost eskari egin dizkiote udalari: “Arbuia dezala pentsioen %0,25eko igoera ziztrina eta erreklamatu dezala gure eros ahalmenari eutsi behar zaiola; 1.080 eroko gutxiengo pentsioak ezartzea eska dezala, txirotasun atalasetik irten gaitezen eta hori posible ez den bitartean Eusko Jaurlaritzak hartu dezala ardura pentsiodun guztiei hilabetean behar duten osagarria emateko; ezar dadila Euskal Herriko babes eta gizarte segurantzako sistema bat, pentsio publikoak eta behar diren zaintzak berma daitezen; 2019. urtean ezarri beharko litzatekeen iraunkortasun faktorearen ezarpena arbuia dadila, pentsioetan murrizketarik egon ez dadin;?eta, azkenik, bidal diezazkiela Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari udalak onartu dituen erabakiak”.
Udalaren babesa jasotzea espero dutela diote, eta alderdien erabakiak zeintzuk izango diren ikusteko asmoz, protesta egingo dute udalbatzarrean bertan. Dei egin diete hiriko pentsiodunei eta eragile ezberdinei indarrak batu eta bertara agertu daitezen.