Olatz Salvador: "Erditze bat izan da 'Zintzilik' diskoa"
Zintzilik izeneko bere lehen diskoa aurkeztu du Olatz Salvador musikari donostiarrak. Skakeitan taldean hasi zuen bere musikari ibilbidea Salvadorrek eta duela lau urte inguru hasi zen bakarlari gisa: “Duela lau urte inguru bakarkako abesti batzuk sortu nituen eta bakarkako kontzertu bat eman nuen, hor hasi zen bola eta pixkanaka hasi nintzen”.
Musikari donostiarrak azaldu du “planifikatu gabe” hasi zela proiektua forma hartzen: “Gogoa neukan estudioko lan bat egiteko eta erabaki nuen bandarekin egitea. Horrela hasi nintzen biluzik zeuden abesti batzuei instrumentazioa jartzen”. Gaineratu du laguntzaile oso finak izan dituela bidelagun.
Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioetan grabatu du Zintzilik diskoa, azken kantua izan ezik. Kulunka abestia, diskoa ixten duena, Meka estudioetan grabatu du eta “emozionalki” oso kantu berezia dela dio Salvadorrek: “Aita eta osabarekin batera grabatu dut abestia. Nire aita eta osaba izateaz gain, Eduardo eta Iñaki Salvador dira, prestigio handiko bi musikari”. Beste hainbat kolaborazio ere eduki ditu diskoan: Izaki Gardenak taldeko Jon Basaguren eta Glaukoma taldeko Juantxo Arakama abeslariak, eta Maria Bustos txelo jotzailea.
Diseinuari dagokionez, Nagore Legarretak egin dizkio argazkiak eta Maitane Gartziandiak egin du diseinua. “Diskoaren azal hori aukeratu nuen bikoiztua ateratzen naizelako eta sinbolikoki niretzat diskoaren erditze horren paralelismo bat daelako. Erditze bat izan da Zintzilik diskoa”.
Diskoari Zintzilik izena jartzearen arrazoia berriz, diskoaren hariari jarraiki bururatu zaio: “Abesti guztiek ildo antzekoa dute: korapilatzen, zintzilik, kulunka, Lokarriak”. Zuzeneko kontzertuen datarik ez du aurreratu, baina azaldu du “gutxi eta oso zainduak” izango direla.
Olatz Salvadorri egindako elkarrizketa: