Kultur etxeak normaltasun osoz ekin dio bere aktibitateari Arccoren azken solairuan. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Anoeta futbol zelaiaren berrikuntza lanen ondorioz, eraikinaren albo batean kokaturik dagoen Ernest Lluch kultur etxea Arcco merkatalgunera mugitu dute behin behinean, estadioaren obrak bukatu arte. Eraikinaren goiko solairuan ireki ditu gaur bere ateak kultur etxeak, eta goizetik normaltasun osoz ekin dio bere aktibitateari, ohiko ordutegiarekin.
KZGunea ere merkatalguneko lehen solairura mugituko dute eta apirilaren 5ean zabalduko da berriro. Haurtxokoa eta Gaztelekua ere bertara pasako dituztela jakinarazi du Donostiako Udalak.
Futbol zelaiko obrak bukatzean, Ernest Lluch kultur etxearen zerbitzu guztiak eraikin berean eskainiko dira. Gaur egun, bi gunetan daude banatuta.