Bizilagunekin plataforma sortu dute hiriko turismo ereduarekin kezkatuta dauden hainbat donostiarrek
Hiriko turismo ereduarekin kezkatuta dauden hainbat donostiarrek Bizilagunekin plataforma sortu dute. Azaldu dute Bizilagunekin plataforma “ikuspegi, ideologia eta jarduera ugaritan” aritzen diren jendearentzat bilgune dela: “Desberdintasunak desberdintasun, gaur egungo turismo ereduak herritarren bizimoduan sortzen dituen ondorioekiko kezka partekatzen dugu“.
Bi helburu nagusirekin sortu dute plataforma: alde batetik, turismo ereduaren inguruan eztabaida zintzoa, gardena eta irekia eragitea eta, bestetik, donostiarren bizi baldintzak hirian garatzen diren estrategia eta jarduera ekonomiko orotan lehentasunezko elementu bezala aldarrikatzea.
Izan ere, hainbat kezka dituztela azaldu dute: “Gutxi batzuen mesedetan eta gehiengoaren kaletan garatu da Donostiako turismo jarduera; enpresa bat balitz bezala kudeatzen da; turismoak hiria inbertsioen morroi bihurtzen du; lan prekarioak sortzen ditu; turismoaren industriak etxebizitzaren prezioa neurri gabe igo du, baita alokairuena ere; espazio publikoa kontsumorako moldatu dute; eta, turismoak homogeneizatu egiten gaitu.
Azkenik hainbat “uste ustel” argitu nahi izan dituzte: “Ez daukagu ezer bere oporraldiak Donostia bisitatzen duten pertsonen aurka. Gaur egun indarrean dagoen turismo ereduak herritarrengan sortzen dituen eraginek kezkatzen gaituzte. Arazo hauek turisten arduna baino gehiago, gaur egungo turismo eredua diseinatu eta sustatzen dutenen adura dira”.
Bestalde, gaineratu dute arazoa ez dagoela Parte Zaharrean, Grosen eta Erdialdean bakarrik, “hiriren egitura ekonomikoaren aldaketak auzo guztiei eragiten die”. Uste dute hiriko sektore turistikoa oso pertsona gutxiren artean banatua dagoela: “Gehiengoari lan baldintza kaskarrak soilik geratzen zaizkigu eta hiriko ekonomia sektore bakarrean oinarritzeko joera nagusitzen da“. Gainera, uste dute turistak Donostia erdialdetik inguruko auzo eta herrietara bideratzeak ez duela ezer konponduko: “Amaran edo Intxaurrondon hotel eta pentsioak jartzeak ez du esan nahi Parte Zaharrekoak hutsik geratuko direnik”. Era berean, diote udatik kanpo turista gehiago etortzean ez duela udako masifikazioa txikitzea esan nahi.
Indartsu hasi da Bizilagunekin plataforma eta apirila eta maiatzerako jarduera ugari antolatu ditu (hemen ikusi ditzakezue). Maiatzaren 25ean manifestazio batekin emango diote amaiera egitarauari. Saguesetik abiatuko da manifestazioa 18:30etan Bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu! lelopean.