Bizilagunen hiriaren alde, gentrifikazioaren kontra
Turismoa eta egungo hiri ereduarekin kezkatuta dauden hainbat herritarrek Bizilagunekin plataforma sortu dute; turismoaren gorakadak eragindako kalteak mahai gainean jarri eta hiritarren bizi baldintzak defendatuko dituzte.
Donostiako etxebizitzen prezioa inoiz baino altuagoa izatera iritsi zen iaz. Aurreko urtearekin konparatuta, hiriko alokairuen prezioak %3,5 egin zuen gora, eta salerosketari dagokionez, prezioa %2,1 igo zen. Hauek dira Idealista higiezinen webguneak urtarrilean aurkeztu zituen datuak.
Etxebizitzaren garestitzeak hiriko pisu turistikoen fenomenoaren eztandarekin bat egin du denboran: Hirikilabs eta Montera34k egindako ikerketaren arabera, Airbnb plataforma 1.346 etxebizitza eta 483 gela eskaintzera iritsi zen iaz Donostian, eta zifra horiek aurten behera egingo dutenik ez du ematen. Izan ere, Donostiako Udalak martxoaren 27an abian jarri duen pisu turistikoen ordenantza berriarekin hamar eguneko epean 409 etxebizitza berri gehitu ziren udalaren pisu turistikoen zerrendara.
Datu horien gorakadaren atzean gentrifikazio prozesu baten garapena dagoela uste dute Sheila Padronesek (Donostia, 1986) eta June Aretxaldek (Donostia, 1987). Turismoaren gorakadak hirian duen eragina salatzeko sortu den Bizilagunekin plataformako kideak dira biak, eta «beranduegi» izan baino lehen zerbait egin beharra dagoela uste dute bi donostiarrek. «Gurean era azkarrean ematen ari den prozesu hau Europako beste hiri askotan nola eman den ikusi dugu, eta egoerak okerrera egin dezakeela erakutsi digu horrek», azaldu du Aretxaldek.
Kezka horrek mugituta, I’m not a giri Donostian taldeak irailean antolaturiko jardunaldietara hurbildu ziren biak, eta bertan egindako hausnarketa kolektiboan, hirian turismoarekin kezkatuta zeuden pertsonak eta kolektiboak koordinatzeko beharra zegoela ikusi zutela diote: «Hortik aurrera hasi ginen biltzen, eta saretze prozesu bati ekin genion hiriko auzo elkarte desberdinekin». Lanketa luze baten ostean, hilabete hasieran ezagutarazi zuten egitasmo berria, datozen asteetarako antolatu duten egitarau zabal batekin batera.
Donostian garatzen ari den hiri ereduak bertakoak albo batera uzten dituela dio taldearen aldarri nagusiak. «Jada ezin gara gure hirian bizi: alokairuaren prezioa igo egin da, kaleetan gero eta jende gehiago dago, bizitzaren prezioa garestitzen ari da… Hemen bizi gara, hemen egiten dugu lan, baina hiria ez da guretzat», dio Padronesek.
Zentzu horretan, Donostian turismoa gehiegi sustatu dela eta hiri espekulazioak berebiziko garrantzia hartu duela salatzen dute plataformako kideek. Inbertsoreek etxebizitzak prezio baxuan erosi, berregin, eta prezio altuan alokatzen dituztela diote beraiek, «auzotarrek ordaindu ezin dituzten prezioan», alegia. Ondorioz, auzoetara bertakoek baino erosketa ahalmen handiagoa duten pertsonak iristen ari direla diote. «Horrek, inguruko komertzioen garestitzea dakar ere, eta auzotarrari ogia bera erostea garestiegia egiten zaionean, auzotik alde egitera behartzen dute», esan du Padronesek.
Borondate politiko eza
Euren ustez, Parte Zaharrean, Erdialdean, Grosen eta Egian eragin gehien duen arazo honi aurre egiteko borondate politikoa falta da: «Administrazioaren eta botere ekonomikoen arteko nolabaiteko konfluentzia bat dagoela garbi dago».
Turismoa hiri batentzako diru-iturri garrantzitsua izan daitekeela ongi ulertzen dute plataformako kideek, eta arazoa onura horiek hiritarrek jaso edo nabaritzen ez dituztenean ematen dela diote beraiek: «Turismoarekin guztiok irabazten dugunaren ideia zabaltzen da administraziotik, baina hori ez da horrela gertatzen». Hirikilabs eta Montera34k iaz argitaratutako txostenean oinarrituta, pisu turistikoen jabeen %1,1ak (hamar erabiltzaile) hiriko oheen %31,4a eskaintzen duela gogoratzen dute plataformakoek.
Hiritarrentzako diren ustezko onurekin jarraituz, «turismoak ostalaritzan sortzen dituen lanpostuen mitoa» desmuntatzeko beharra dagoela uste dute Bizilagunekin-eko kideek. Izan ere, bertan «guztiz irregularrak diren praktikak» egiten direla diote taldeko kideek: «Beltzean egindako lana, ordaindu gabeko orduak, lan baldintza prekarioak, behin behineko lan kontratuak…». Padronesen arabera, «egun turismoarekin etekina lortzen dutenak ez dira langileak, inolaz ere».
Hiri eredua aldatu nahi dute
Donostiako Udala turismoaren eragin kaltegarriei aurre egitera behartu nahi dute Bizilagunekin-eko kideek, eta horretarako herrigintzatik lan egitea ezinbestekoa dela uste dute. Horregatik, auzo elkarte eta hiriko eragile desberdinekin batera antolatu dituzten ekitaldiz beteriko egitaraua osatu dute apirila eta maiatzerako. Bertan, hitzaldiak, bideo emanaldiak eta tailerrak egingo dituzte, turismoarekin erlazionaturiko gai desberdinak jorratuz, hiritarrengan arazo honekiko kontzientzia areagotzeko asmoz. Turismoa «oraindik behar bezain beste landu ez diren ikuspuntuetatik» aztertu nahi dutela dio Aretxaldek, feminismotik eta euskal kulturaren babesetik, besteak beste.
Egitaraua maiatzaren 25ean Turismoaren Mundu Erakundeak Donostian egingo duen bilerari erantzuteko antolatuko duten manifestazioarekin amaituko da. Egun horretarako, sektore desberdinetako eragileak mobilizatu nahi dituzte plataformatik, Bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu! lelopean.
Izan ere, hiri ereduak hiritarrak errespeta ditzala besterik ez dute eskatzen Bizilagunekin-eko kideek. Aretxaldek garbi dauka: «Hiriko turismo bulegoa Egia Donostiako Sohoa balitz bezala saltzen saiatu da, baina guk ez ditugu gure auzoak Soho bihurtuta ikusi nahi. Guk gure auzoak nahi ditugu».