Gaiak jartzen jakitearen artea
Asko dira urtean barrena hirian egiten dituzten bertso-saioak, eta maiz izaten dira formatu txikikoak. Bagera elkartea gai-jartzaile faltaz ohartu da, eta ikastaro bat antolatu du.
Donostian bertsolaritzaren kultura sustatzeko helburuarekin antolatu du gai-jartzaile ikastaroa Bagera euskaltzaleen elkarteak. Gutxieneko irizpideak dituzten pertsonen multzoa handitu nahi dute, eta erraztasunak eman nahi dituzte formatu txikiko bertso saioak ugaritu daitezen: «Hainbatetan izan dugu arazoa bertso saio txikiak antolatu eta gai-jartzailea topatzeko auzotan, jai batzordeetan… gai-jartzailearen papera garrantzitsua da eta gabezia dago Donostian. Gainera, bertsozaleok badugu kuriositatea, eta formato txikiko saio horietarako interesgarria iruditu zitzaigun». Horrela bada, sekulako aditua izan gabe, Bagerakoen ustez balio handia du aurkezlea izatea saioa antolatzen den tokikoa edo gertukoa:?«Asko eman dezake saioan, entzuleen intereseko gaiak jar ditzake. Horrelako saioak gehiago egotea nahi dugu, eta Bageratik gure ekarpena egingo dugu».
Aukera interesgarria izan liteke bada langintza horretan lehen urratsak eman nahi dituztenentzat, baita lehendik probatuta egon eta gehiago sakondu nahi dutenentzat ere. Edonola, besterik gabe gai-jartzailetzari eta bertsogintzari buruzko jakin-mina asetu nahi duen edonorentzat ere.
«Ez dugu inongo oinarririk eskatzen, zerotik hasteko ikastaro bat izango da. Gainera, giro informaleko formazio saioak izango dira, ez da azterketarik egongo. Lagunartekoa eta oso lasaia izango da, eta horregatik jarri ditugu saio luzeak, atsedenaldia ere izango baitu». Aldi berean, aipatu dute beraiek Donostian pentsatu duten arren, ez dela beharrezkoa donostiarra izatea ikastaroan parte hartzeko.