Donostiarrako eta Ur-Kirolakeko kideak, Pasai Donibaneko podiumean. (Argazkia: Xabier Gurrutxaga)
Gipuzkoako Batel Txapelketa jokoan egon da asteburuan, Pasaiako badian. Donostiarraren gizon seniorrek oso estropada onak egin zituzten bi egunetan, ligan erakutsi duten mailari jarraituz, eta bandera astintzea lortu zuten igande eguerdian. Finalean, 8 minutu eta 41 segundoko denbora egin zuten; lau segundo atzerago geratu zen San Juan, eta Orio, 11 segundora. Horrela bada, ligan lortutako zilarrezko dominaren arantzatxoa kendu zuen taldeak. Hauek osatu dute Donostiarraren batela: Ioritz Orbegozo, Julen Fernandez, Iñigo Collazo, Xabat Pastor eta Jon Iruretagoiena (patroia).
Ur-Kirolakeko neskak, hirugarren
Ur-Kirolekeko emakume seniorrak ere podiumera igo ziren, brontzezko domina lortu baitzuten, 9 minutu eta 54 segundoko denborarekin. San Juan izan zen irabazlea (9:40), eta Hibaika bigarren postuan geratu zen (9:51). Ligan ere hirugarren postuan sailkatu zen Urkiko batela. Hauek osatu dute Urkiren batela: Alex Arellano, Haizea Saez, Olatz Lopez, Naroa Urkola eta Inder Paredes (patroia).