"Prozesu guztia luzea izan da, baina oso interesgarria"
Iñaki Rifaterra eta Manex Izagirre; Maparen egileak
Iñaki Rifaterrak eta Manex Izagirrek eskuz egin zuten egurrezko lehen mapa, eta brontzezkoa ere beraiek landu dute, Eibarko Alfa arte fabrikarekin elkarlanean. Lantalde ederra osatu dute Iñaki Rifaterrak (Zaragoza, 1978) eta Manex Izagirrek (Tolosa, 1986). Artista da Rifaterra, eta hainbat hormairudi landu izan ditu; arkitektoa da Manex Izagirre. Pozik daude egindako lanarekin, eta luzaroan irautea espero dute. Nola sartu zineten proiektuan? Manex Izagirre (M. I.): 2015ean hasi zen Bagera partehartze prozesu bat bultzatzen, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barnean. Horrela, Donostiako euskararen egoera landu genuen, Euskarriak jardueraren barnean. Prozesu hartan 50 lagun inguruk parte hartu genuen, eta taldetan banatu gintuzten; herritarrak, euskararen munduan lan egiten zutenak eta sortzaileak. Ateratako ondorioekin hamar interbentzio txiki egin genituen, eta horietako bat izan zen Europako Hizkuntzen Mapa. Zein zen hasierako ideia? M. I. : Hasierako ideia hormairudi bat egitea zen, baina egurrezko mapa bat egiten bukatu genuen. Buelta batzuk eman genizkion, eta ideia nagusia izan zen pieza bakoitza hizkuntza bat izatea. Zailtasuna zen leku batean hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten baziren, nola adierazi, eta bolumenaren kontua landu genuen orduan. Prozesua oso luzea izan zen? M. I. : Luzea baino gehiago oso intentsoa, bukaera data bat zuelako. Gainera, prozesu guztia guk egin genuen, pieza guztiak moztu, margotu, muntatu… eta nahiko handia zen! Iñaki Rifaterra (I. R.): Ez genuen koloretako mapa bat egin nahi, beste zerbait nahi genuen, beste modu batera interpretatu zedin. Hori zen helburua, eta hori da lortu duguna. Brontzezko mapa egiteko enkargua nola hartu duzue? M. I. : Hainbat material proposamen egin genituen, eta nahiko argi ikusten zen metalezko zerbaitetara jo beharra zegoela, sendoa izateko eta kalean iraun zezan. Alfa arte Eibarko fabrikarekin lanean aritu gara, eta haiek gomendatu ziguten brontzea. Zein alde du aurreko maparekin? M. I. : Oraingo mapak hiru metro ditu zabalean eta bi metrotik gora luzean. Egurrezkoa handiagoa zen, bost metro zabal zen, eta ia lau metro luze. Erliebea sortzeko bereizgarri batzuk jarri ditugu, plantxak finak zirelako. Esaldia, berriz, Hizkuntza txikiek mundua handitzen dute ondoan zeraman idatzia aurreko mapak, hainbat hizkuntzatan, hormairudi gisa, oraingoan, itsasoari dagokion zatian sartu dugu. Bigarren mapa honen prozesuak zerikusi gutxi izango zuen aurrekoarekin, ezta? M. I. : Orain lasaiago ibili gara. Nik alde teknikoa landu dut, planoak eta halakoak, eta ekoizpen lana fabrikan egin dute. Iñaki lan prozesuan sartuagoa egon da; letra tipologia guztia eskuz egin du, azidoak ere bere aritu da eskuz ematen. I. R.: Diseinu bat sortu genuen, eta horri jarraituz sortu dute Eibarren. Diseinuak bi alde ditu, hizkuntzena eta azpiko testuarena. Egurrezko maparen egitura mantendu dugu, hau da, hiru dimentsiokoa da. Zer eman dizue mapa egiteak? I. R.: Prozesu guztia luzea izan da, baina oso interesgarria. Hormairudi batetik abiatu ginen eta eskultura batean bukatu dugu, eta hiru dimentsiotarako bide hori egitea oso interesgarria iruditu zaigu. Gustura geratu zarete azken emaitzarekin? M. I. : Duela astebete arte ez genuen ikusi muntatua, eta emaitzarekin oso gustura gaude. Orain jarritako lekuan egia da txiki ikusten dela eta nahiko oharkabean geratzen dela. Aurrekoak arreta gehiago deitzen zuen, han bertan aritu ginen lanean eta jendearekin hartueman gehiago izan genuen. Batzuetan kafetegian esertzen ginen, jendearen erreakzioei begira… polita izaten zen entzutea zer esaten zuten. I. R.: Bai, oso pozik gaude. Aurrekoaren filosofia bera mantendu dugu, baina material berrira moldatu gara. Ez da mapa arrunt bat, mapa kultural bat da, eta ez gaude halakoetara ohituak kalean. Beraz, arreta deitzen du. Jendea begira geratzen da, eta zeresana ematen die lagunartean. Hala, elkarrizketak sortzea kalean oso interesgarria iruditzen zaigu. Aldaketaren bat izango du materialak? I. R.: Bai. Metalak, kanpoan egonda, oxidazio prozesu naturala izango du, eta kolorez aldatzen joango da. Uste dugu ongi geratuko dela. Maparen inguruko erreportaje zabala argitaratu dugu.