Berria eta brontzezkoa
Europako Hizkuntzen Mapa kalean da dagoeneko .Abiapuntua du Donostia 2016rako Bagerak egindako Euskarriak jardueran. Kultur Hiriburutzaren legatuetako bat da.
Europako Hizkuntzen Mapa berria joan den astetik jarria dago Tabakaleraren aurrealdean, Mandasko Dukearen kalearen aldean. Brontzezko mapa horren aurkezpen ofiziala egin zuen udalak, hainbat arduradunekin batera. Hala ere, Bagera elkarteak ospakizun ekitaldi bat egingo du aurrerago, maiatzaren 21ean, Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. «Hizkuntzen mapa hor dago herritarrek frogatu zutelako maite zutela, euren erreakzioarekin. Horrek asko betetzen gaitu, horretarako sortu genuelako, eta festa bat egitea erabaki dugu. Euskaldunak eta euskaltzaleak izan behar gara inor baino errespetutsuagoak kultur aniztasunarekin», azaldu du Bagera elkarteko Asier Basurtok.
90 hizkuntza biltzen ditu mapak, eta Unesko Etxearen mapatik abiatuta egin zuten: «Aurrekoarekin desberdina da, baina asko gustatu zaigu. Oso emaitza polita da eta sendotasun itxura ematen du. Leku garrantzitsu batean egoten jarraitzen du, ikusgarria eta erreferentziazkoa», dio pozik Basurtok. Udalak txertatu du mapa berria Donostia 2016ren legatuaren barnean, beraz, fundazioak ordaindu ditu gastuak. Miren Azkarate Euskara zinegotzia ere oso pozik dago azken emaitzarekin: «Oraingoak aurrekoa denean gainditzen duela iruditzen zait: dotorezian, logika ekonomikoan, duintasunean… Brontzeak badu berezko dotorezia eta nortasun bat. Denboraren joanak, herdoilak… edertu egingo du gainera. Egileek lan aparta egin dute».
Udalak garrantzizkotzat jotzen du halako mapa bat hirian egotea: «Kanpotik datozen gehienek Espainiako hiri batera datozela uste izaten dute. Gai politikoetan sartu gabe, lehen unetik ikusarazi behar zaie Donostiara etorri direla, ez Madrilera edo Sevillara, hemen badela beste hizkuntza bat, besteekin batera bizi eta hazi nahi duena. Europako hizkuntza handi eta txiki denen artean euskara kokatuko duen mapa bat izatea garrantzitsua da». Azkaratek dio, gainera, helburu nagusia dela «gure hizkuntza zahar-berri honen lekukotasuna ematea».
Euskara zinegotziaren esanetan, ez da lan erraza izan kokapen berria zehaztea: «Udaleko kide batek hainbat kale zeharkatu zituen, horma egoki baten bila. Azkenean ederretsi genuen horma Tabakalerarena da; egitasmoa aurkeztu genien eta ez zuten inolako eragozpenik jarri. Lekua, ederra ez ezik, ezin egokiagoa da, joan-etorri handikoa, jakin-minaren grina duen jendea erakartzen duen kulturgune baten ate nagusiaren ondoan… Gustura gaude oso».
Euskarriak jarduerarekin jaio zen mapa, esan bezala, baina hortik abiatutako lan gehiagok ere bizirik diraute: Irutxuloko Hitzan argitaratzen diren Alde edo alde komiki tirak; udalak bere gain hartu zuen hiztegi txikien banaketa; audiogidak, Donostia hizkuntzen ikuspegitik ezagutzeko…