Kontxako baranda. (Argazkia: Agurtzane Altuna)Agurtzane Altuna
Donostiako Udalak Kontxako baranda zaharraren zatiak salgai jarriko ditu.
80 zentimetro eta
50 kilo ditu bakoitzak eta
145 euroan eskuratu ahal izango dira. Eneko Goia alkateak adierazi du Tokiko Gobernu Batzordean adostu dutela zatiak salgai jartzea.
Guztira,
225 zati jarriko dituzte salgai eta eskatzaileek kopuru hori gainditzen badute zozketa bidez banatuko dituzte. Baranda zatien jatorrizko prezioa 2.500 eurokoa zen, eta gaur egun, txatarra balioa 50 eurokoa da. “Udaletik uste dugu interesgarriagoa dela herritarrek barandaren zatia etxera eramateko aukera, eta horretarako erdibideko prezioa jarri diogu”, azaldu du Goiak.
Donostian jaio edo erroldatutakoek erosi ahal izango dute baranda zatia, eta parte hartzeko udalaren webgunean izena eman beharko dute
maiatzaren 3tik 31ra bitartean. Zozketa egitekotan, uztailaren 20an izango litzateke. Bestelako baldintzak ere ezarri dituzte; esaterako, ezin izango da negozioa egin baranda zatiekin.
100 metro Lepera
Duela urtebete Lepek herriak (Espainia) Kontxako baranda zaharraren 100 metroko zatia eskatu zion udalari, eta eskaera baimendu dute. Horrela, Andaluziako herriko La Antilla hondartzaren pasealekuan jarriko dute, baldintza batekin; pasealekuko zatiari Donostia izena jarri beharko diote.