Lasarteko Lierni Rekondok irabazi du Altzako bertso paper lehiaketa
Lierni Rekondo izan da Altzako VIII. Bertso Paper Lehiaketako irabazlea. Bizarrain euskara elkarteak antolatzen du urtero lehiaketa, gai eta doinu librean, eta Rekondoren Odol husten izeneko bertso sorta izan da garailea.
Txapeldunak jaso zuen tableta digital bat, eta Altzako baserrietako produktuez osatutako otar eder bat. Altzako Onena, berriz, Arkaitz Lareki izan da; eta Antton Mendizabalek egindako Lau Haizetara oroigarria jaso du, baita otar bat ere. Sari banaketa igandean egin zuten, Herrera K.E.n egindako bertso bazkarian.
Lierni Rekondoren bertso sorta irabazlea:
ODOL HUSTEN
Doinua: Norbere mundu intimo.
- Kubata bana eskuan daude bederatzi duke harro eta irrifartsu iluntasunaren truke. Batak besteari “joño! -hiruzpa lau txistu kutre gorpuztxo hori gustura neureganatuko nuke.” Haien begirada lizun eta hitzetan arkupe hartuz, bi neskatxak pozik irrifartsu dihardute. Hala jarrai dezatela, denak hala behar luke, beren burua objektu bilakatu nahi badute.
- Gaur egun gure itxura zaindu ohi dugu biziki norbaitek ezarritako kanon guztiei jarraiki. Nahiz eta atondu gure buruentzat nagusiki, guganako begiradek garun gabeko maniki sentiarazten gaituzte mespretxuari atxiki. Eta hori barneratuz joanda poliki poliki, onartzera heldu gara normaltasunez larriki; besteentzako garela, alu bat eta bi titi.
- “Zeinen zaila den bizitza Arabiako partean batez ere emakume ezkondua izatean: Ezin etxetik atera gizonak utzi artean, hari men eginez soilik bizi zaitezke bakean. Kolpatutako gorputza ezkutatuz oihalpean norbera jazartzen dute izatearen kaltean. Eskerrak gu bizi garen modu erabat askean…” Esaten dut nire hankak depilatu bitartean.
- Nola bizitzaren dantzak inoiz ez duen etenik, behingoz nerabezarora heltzerako sarrienik laranja erdien bila gabiltz handik ta hemendik (bestela ez da helduko zoriontasun gorenik). Nahiz ez dagoen inondik salbatuko gaituenik, maitasuna askatasun hitzez ulertzen duenik… Hori nahi genuke baina jakin gabe ziurrenik printze urdinek bizitza beltz diezaguketenik.
- Gozoa dena tarteka bihurtu daiteke gazi harremanetan kontrola asko ohi denean hazi. Maite gaituztelakoan menpeko izaten hasi, askatasuna galduaz bikote bat “irabazi”. Hori ohikoena dela digute sinestarazi eta bilakatzen dugu harremanaren oasi. Guztiz onargaitza dena onartuaz kasi kasi… ondo maitatzea zer den ez baikenuen ikasi.
- Argi dago zeintzuk diren gure lana ta gunea: ahal bada gazte ezkondu ta goiz eduki umea. Behin neskame izateko heldu orduko unea, etxea txukun mantendu maitatu, zaindu semea, izan senarrak behar duen hainako emakumea, eskaini hark zuganako ez duen begirunea… Horren da handia eta aldi berean xumea besteak zaintzeak gugan uzten duen hutsunea.
- Hutsuneak betetzea omen da gure desio ahalduntze prozesuaz mila eta bat lezio eman nahiean gabiltza, baina ez naiz asko fio dena da hain utopiko oraindik ere fikzio. Berdintasunen aldarriz horrenbeste prozesio, baina, alardean, dantzan, tradizioz tradizio… emakumeei presentzia ukatzeko zenbat zio egiteko norberaren balioei traizio.
- Egoera azaletik hasi orduko biluzten, mamiak argi ta garbi hala digu erakusten: inguruan ditugunek, ohitura zaharrenei eusten, lagundu izan digute uste okerrak gorpuzten. Gizontasunaren indar hutsez gurea errausten ederki ikasi dugu baina ez dugu ikusten, gure jarrerekin ar-en egoa nabarmen puzten: Guk egindako zauritik gabiltzala odol husten.