Iulene Olaberria jokalari donostiarra. (Argazkia: IDK Gipuzkoa)
IDK Gipuzkoak kapitain bera izaten jarraituko du hurrengo denboraldian. Izan ere, Iulene Olaberria jokalari donostiarrak beste denboraldi batez berritu du kontratua taldearekin. Baliteke, hala ere, jokalariaren azken urtea izatea, erretiroa hartu aurretik.
Ez da denboraldi erraza izan Olaberriarentzat, belauneko lesio luze bat izan baitu, eta ezin izan du norgehiagokarik jokatu azaro bukaeratik. Edonola “oso pozik” dago hartutako erabakiarekin, eta hamabigarren denboraldia osatuko du horrela klubeko lehen taldearekin. Seigarren denboraldia izango du lehen mailan IDK Gipuzkoarekin.
Horrela bada, bosgarren jokalaria ziurtatu dute datorren denboraldiari begira, hauekin batera: Lyndra Weaver, Lara Gonzalez, Iva Brkic eta Ellen Nystrom.