"Ederra litzateke euskararen erabilerak gora egitea"
Haritz Lasa, Amara Berri
Amara Berrin ere bat egingo duzue Euskaraldiarekin. Halako egitasmo batean parte hartzen duzuen lehen aldia da? Bai, lehenengo aldia da. Bagerako kide bat egoten da Berritsu euskara batzordean dinamizatzaile, eta bere bitartez jakin genuen Euskaraldiaren berri. Hasi zarete Euskaraldia prestatzen? Aurkezpen bilera ireki bat egin genuen. Alde batetik, Berritsu euskara elkartea aurkeztu genuen eta zeintzuk ginen eta zer egiten genuen azaldu genuen. Ondoren, Euskaraldia egitasmoa azaldu eta helburuak argitu genituen. Auzoko eragile ugaritako ordezkariak elkartu ginen eta egitasmoaren nondik norakoak aztertu genituen. Maiatzaren 30ean jarri dugu hurrengo bilera irekirako hitzordua. Gure asmoa maiatzaren 30ean auzoan Euskaraldia nola landu aztertzea da. Zein helburu dituzue Euskaraldirako? Badakigu ez dela erraza hizkuntza ohiturak aldatzea, oso barneratuak ditugu, baina ilusioarekin gaude. Dena den, badakigu lortzea oso erronka zaila dela. Esan digutenez azken datuen arabera Amara Berrin euskararen erabilera %18koa da, ederra litzateke Euskaraldiaren ondoren euskararen erabilerak gora egitea. Zein berezitasun ditu Euskaraldiak? Orain arte euskara batzordean, gehienbat, koordinazio lana egin dugu. Bakoitzak bere eragilean antolatzen zituen jarduerak, eta gero elkarren berri edukitzeko koordinazio lana egiten zuen Berritsuk. Euskaraldian, aldiz, talde bat izan nahi dugu eta denok batera antolatu eta erabaki. Euskaraldiaren inguruko erreporataje osoa hemen irakurgai.