
(Argazkia: Lobo Altuna)
‘Bor Bor’ bosgarren diskoa atera du Elkano Browning Cream talde donostiarrak. Kontzertu bira abiatu dute, eta igande honetan Viktoria Eugenia antzokian aurkeztuko du hirukoak (19:00).
Mikel Azpiroz; Elkano Browning Cream
Aste honetan abiatu duzue lan berria aurkezteko bira. Igandekoa izango da bereziena?
Etxean jotzea beti da berezia, urduritasun puntu bat gehiago sentitzen dut normalean. Aste honetan egiten ari garen sei kontzertu sorta honetako azkeneko kontzertua izango da eta ondo berotuta iritsiko gara Donostiara. Gogotsu gaude.
Inprobisaziotik zenbat du diskoak?
Asko du, oso disko freskoa eta bat-batekoa izatea nahi genuen. Urtarrileko azkeneko hiru egunetan elkartu ginen Tabakalerako Kutxa Kultur guneko musika gela batean grabatzeko eta taldekideei adierazi nien disko honetan perfekzioa eta ardura alde batera utzi eta beldurrik gabe salto egin behar genuela, musikaren freskura harrapatuz. Abestien zirriborroak astebete lehenago bakarrik bidali nizkien, denbora askorik izan ez zezaten beharrezkoa baino gehiago lantzeko, inprobisaziorantz bultzatzeko asmoarekin.
Nolakoa izan da Franck Mantegari eta Dave Wilkinson taldekideekin egindako sormen prozesua?
Bost abesti nik idatzitakoak dira. Hauen zirriborroak edo ideia xumeak bidali nizkien pianoarekin grabatuta, akordeak eta giroa barneratu zitzaten. Biak izugarrizko mailako musikariak dira, sormen handikoak, eta handik aurrera bakoitzak bere magia erantsi zuen.
Wilkinsonek Kaiju kantua sortu zuen, eta berdin bidali zigun zirriborro bat guk ikasi genezan. Egan Jam bat-batean sortu genuen. Bi kideak jotzen hasi ziren, eta nik grabatzeko botoiari eman nion sumatu nuenean egiten ari zirenak itxura ona zuela. Beraiei elkartu organoarekin, eta horrela sortu zen.
Urteekin hiruak hobeto ezagutzen zarete. Bakoitzaren eraginak nabari dira kantuetan?
Bai, erabat Disko hau hiru egunetan grabatu genuen, azkar, baino hiru egunetan hau gauzatu ahal izateko urteetako lana eta elkar ezagutzea dago atzetik. Hau urteetan elkarrekin jotako musika guztiaren eta pasatako denbora guztiaren emaitza da. Konfiantzak giza erlazioak sakontzeko duen eraginaren ispilua da guk gure artean disko honetan musikarekin egin duguna.
Izenburuak hiruen artean sortu duzuen emaitzarekin du lotura?
Bai,
Bor Bor, irakiten. Horrelako diskoa egin nahi genuen, indartsua, arima handikoa, barrutik kanpora alderakoa eta behetik gorakoa.
Jazz eta bluesetik abiatu, baina bidaia musikalak noraino eraman zaituzte oraingoan?
Jam band modura etiketatuko lukete AEBetan. Jazza, bluesa, jazz-rocka, funka, psikodelia… denetarako lekua dago hor, ez aurretik antolatuta, baizik eta modu naturalean. Etiketak gutxienekoak dira guretzat, eta ardura gutxi jartzen diogu horri. Egin dezagun esanahia duen zerbait; hori da gure abiapuntua. Eta musikak esanahia izaten du zirrarak sortzeko gai denean, nahiz eta zirrara horiek abstraktuak izan.
Tabakaleran grabatzearen esperientzia nolakoa izan zen?
Gure lan guztiak nire grabazio estudio mugikorrarekin egin ditugu gaur arte. Horrek sorkuntzarako askatasun gehiago ematen digu eta eroso sentitu garen lekuetan grabatzeko aukera ematen digu. Donostiako Tabakaleran egiteak bazuen, niretzat batez ere esanahia, besteak beste sorkuntzarako espazio bat da eta Tabakalera. Nire bi taldekideak ere oso gustura aritu ziren han. Tarteka tabernara jaitsi infusio bat hartzera edo goiko terrazara arnas hartzera… berriz ere indartsu ekiteko hurrengo abestiari.
Soinu produkzioari dagokionez, hau izan da gordintasun handienarekin egin nahi genuen lana, eta maila handi batean lortu dugula uste dut. Oso gustura nago hasieran buruan genuenaren eta lortutakoaren arteko loturarekin.
Grabazio, nahasketa eta masterizazioaz arduratu zara oraingoan ere. Ekoizpena zaintzea gustuko duzu.
Aspalditik aritu naiz soinu teknologiarekin lanean, nire lanaren parte bat da. Txikitatik izan nuen interesa entzuten nituen diskoen atzean interpretazioaz gain, arlo teknikoak bukaerako emaitzan zuen pisuan teknologiak zuen zama ulertzeko. Buruan duzun ideiari forma emateko oso garrantzitsua iruditzen zait, eta nahiago dut arlo hori neronek sortzaile moduan kudeatzea, beste baten gain uztea baino.
Igandeko kontzertuaren ondoren, hirian edo inguruan jotzeko asmorik duzue?
Ba bai. Ekainaren 3an Urretxuko Kalegorrian jaialdian ariko gara. Baliteke ekainaren 15ean Donostiako Convent Garden areto berriko La Cripta gunean aritzea. Bestalde, uztailaren 21ean Zarautzen izango gara.