Oihana Santolaria, Andoni Lizeaga, Anabel Anta eta Antxon Irizar, Ibai ikastolako liburutegian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ibaetako muinoan kokaturik dago aspalditik Ibai ikastola; 50 urte bete dira lehenengo pausoak eman zituztenetik, eta zer ospatua badutela argi utzi dute ikastetxeko lehengo eta oraingo kideek.
Ibaetako Ibai ikastolak 50 urte bete ditu ikasturte honetan, eta aitzakia polita iruditu zaigu ikastolaren historiaren parte diren lau lagun elkartu eta bizi izandakoaz hitz egiteko: Antxon Irizar sortzaile taldeko kidea eta guraso ohiarekin, Andoni Lizeaga zuzendari ohiarekin, Oihana Santolaria ikasle ohi eta gurasoarekin eta Anabel Anta zuzendariarekin. Guztiek daramate ikastola bihotzean, identitate zigilu baten gisara, eta euren bizipenen berri eman digute, atsegin handiz, Ibaetako muinoan.
1960ko hamarkadan, elizarekin lotutako gazte-txoko ugari sortu zituzten leku askotan, eta Ibaetan, Centros Ibai izenpean, auzoko apaiza zebilen txokoaren dinamizatzaile lanetan, Erasmo Atorrasagasti. Ikastola sortzeko lehen pauso haiek ongi gogoan ditu Irizarrek: «Gogoan dut apaizak deitu zigula batzuei, ikastola sortzeko… ea nola egiten zen hori! Oronaren tailerra izandako lokal lokal bat erabiltzen zuen Centros Ibaik, eta han hasi ginen, ez dakit nola ere…». Edonola, hastapen haietan «harrera izugarria» izan zutela dio Irizarrek, eta lehen ikasturtean, 1967-1968 ikasturtean, 40 haur baino gehiagok eman zutela izena. Garai hartan 25 urte zituen Irizarrek, alaba bat zuen jada, gerora beste bi izan zituen, eta hiruek ikasi zuten Ibain. Kontua da autopistaren sorrerarekin ikastolaren eraikina bota egin zutela, eta 1972an hasi eta zazpi ikasturtez ikastola «nomada» izan zela. Ikasleak hainbat eraikinetan sakabanatuak izan zituzten: egungo Physics center (orduan eskola publikoa zena), Santa Teresa ikastetxea, Santo Tomas Lizeoa, Barandiaran Lizeoa… azkenean, denen zorionerako, 1978an hasi zituzten egungo eraikina sortzeko lanak, eta 1979-1980 ikasturtean jada ikasle guztiak han bildu zituzten; hamahiru talde, hain zuzen.
Gurasoen kooperatiba sortu zutela oroitu du Irizarrek: «Egiako jendea etorri zen, Aietekoa, Añorgakoa, eta beraien auzotan hasitako ikastolak sendotu bitartean hemen egon ziren». Euskadiko Kutxako ordezkari bat ibili zen garai haietan ikastolen behar ekonomikoak eta legezkoak betetzen laguntzen: «Abalista moduan jarri nintzen, eta pasarte asko izan genituen… Behin udaletik etorri ziren ni etxetik botatzera, tasaren bat ez genuelako ordaindu!», dio Irizarrek.
Lanek euren zailtasuna izan zuten, noski, eta hiru urtean 41 bilera egin zituztela dio Irizarrek: «Militantzia handia zegoen, eta jendeak parte hartzen zuen behar zen guztian. Andereñoak ere kontratatu behar genituen. Gu ez ginen profesionalak, eta niri andereño guztiak onak
iruditzen zitzaizkidan».Eraikinaren arazoa konponduta, lizeo izatera igarotzea izan zen hurrengo aldaketa, 1987tik 1994ra. Horretaz gain, publifikazio garaian eztabaida ugari izan zituzten, eta gaur egun, 2 eta 12 urte arteko ikasleentzako eskaintza dute. Bi lerroko ikastola da eta 378 ikasle ditu.
Guztiak bide beretik
Santolaria 1979ko belaunaldikoa da: «Aietekoa naiz, hiru urterekin hasi nintzen eta lizeoa zen garaian atera nintzen, 17 urterekin. Nire ama Castrokoa da eta nire aita Huescakoa, eta etxean ez dugu sekula euskaraz hitz egin. Nik ikastolan ikasi nuen euskaraz, eta oso polita izan da niretzat. Asko eskertzen diet garai hartan parte hartu zuten gurasoei, borrokatu zuten guztiagatik». Santolariaren hitzetan, Ibaetara etorri zenean bizitzera, ez zuen zalantzarik izan bere alabak Ibain sartuko zituela: «Nire anaiak ere hemen ikasi zuen, eta nire bi alabak hemen dabiltza. Inmaculada nire andereñoa izan zen, eta nire alabarena ere bai, biei irakatsi digu irakurtzen». Edonola, Santolariak gogoan zuen ikastola beste era batekoa zen: «Lehen ikastola zuria zen eta jangela bakarra zegoen. Hesirik ez zegoen inon ere eta beti amildegietan jolasean ibiltzen ginen, hori zen ikastola honen dibertigarriena!». Andoni Lizeaga irakasle aritu zen urte askoan, 1990etik aurrera, eta publifikazio garaiko urte nahasiak bizi izan zituen zuzendari gisa: «Udaleko obren arduraduna etorri zenean, harrituta geratu zen amildegiak ikustean, eta aldatu beharra zegoela esan zuen. Pena eman zidan, ikasleek asko jolasten zutelako inguru horietan, baina lasaitu ederra hartu nuen hesiak jarri zituztenean!».
Sorrerako ohiturari jarraituz, Ibaetaz gaindiko auzo eta herrietatik ikasleak izan zituzten urteetan: «Erakargarria zen inguruko herrietako askorentzat ikastola, eta etortzen ziren Hernani, Usurbil eta Lasartetik adibidez. Arrazoi askorengatik zen, historiagatik, familia joerengatik… 1995 inguruko datuek diote ikasleen erdia baino gehiago kanpokoak zirela. Beraz, konpromisoa genuen garraioa eskaintzeko, eta urteetan eskaini genuen». Anta 2008an sartu zen ikastolan irakasle gisa, lau urte egin, eta iaz itzuli zen, zuzendari gisa; berak dio egungo ikasleak Ibaetakoak direla nagusiki: «Ibaeta eta Antiguokoak dira batez ere, eta Aietekoren bat». Edonola, ikasle anitzak dituztela dio Antak: «Aniztasunaren aberasgarritasunarekin pozik gaude, eta proiektu bat dugu eskuartean alderdi horri begira. Adibidez, behar bereziak dituzten haurrak integratzen ditugu geletan. Denentzako daude ateak irekiak, errespetuz eta aberastasunarekin».
Lankideen artean eta gurasoekin batera lankidetza handia izan dela beti azpimarratu dute guztiek ere. «Badu berezko nortasun bat ikastola honek, eta itsatsita geratzen da egon garenongan», dio Lizeagak. Bide beretik jarraitu du Antak:?«Baditu ezaugarri batzuk ikastetxe honek, eta bat da elkarbizitza positiboa sustatzea. Esparru guztietan denek irizpide batzuk izatea bultzatu da, dela kirolean, jangelan edo gelan. Elkarrizketan oinarrituta egiten dugu gatazkak konpontzeko bidea». Gainera, Antak elkarlana ere azpimarratu du: «Gurasoak oso partehartzaileak dira, eta harreman estua dute zuzendaritzarekin. Oso garrantzitsua da ikastetxe batean bide beretik joatea gurasoak eta hezkuntza munduko profesionalak». Bere zuzendari garaiko esperientziatik hitz egin du Lizeagak: «Edozertarako banekien gurasoen laguntza eta konpromisoa izango nuela».
Azken batean, hitz onak baino ez dituzte guztiek ere ikastolarentzat: «Nire bizitzako garai garrantzitsu bat bizi izan nuen Ibain, hunkitu egiten naiz eta oilo ipurdia jartzen zait atzera begiratzean. Zuzendaritzan uneoro ezustekoren bat izaten nuen, baina, aldi berean, oso aberasgarria izan zen», dio Lizeagak.
Bazkaria, maiatzaren 19an
Ospakizunaren harira, bazkaria egingo dute maiatzaren 19an, Ibaetako frontoian. Han bilduko dira ikasle, langile eta guraso ohiak, lagunartean egun polita igarotzeko asmoz, garai zaharrak oroituz. Gehienez 400 lagun biltzeko asmoa dute, lekua kontuan izanda. Bertso poteoa egingo dute goizean, paella bazkalduko dute, eta, ondoren, kontzertua izango dute. Egan taldeko Xabier Saldiasen eskutik joango da kontzertua, eta musikari lanetan izango ditu Ibai ikastolako ikasle ohiak. Bazkarirako txartelak 20 euroan dituzte salgai, eta eros daitezke Illarra berri elkartean.
Urteurrenaren aitzakian kontu gehiago ere egin dituzte. Abesti bat osatu dute, Ibaitik mundura izenekoa. Iker Alustizak jarri dizkio hitzak, eta Mikel Azpirozek jarri dio musika. Kontzertu bat eskaini zuten Musikenen Ibaeta Abesbatzak eta Luberri Abesbatzak. Orduerdiko ikus-entzunezko bat ere osatzen ari dira, ikastolaren parte izan diren lagun askoren partehartzearekin; eta liburua urte bukaeran argitaratzea espero dute. Maiatzaren 31n asmoa dute auzoa alaitzeko ikastolako ikasleekin, eta ekainaren 2an ikastolaren jaialdiarekin emango diote bukaera urteurrenari.