"Txikitik lanean ari garenontzat aterki moduko bat izango da Euskaraldia"
Jose Angel Apaolaza, Altza
Altza Hadi egitasmoarekin 21 egunez euskaraz bizitzeko apustua egin zenuten. Bai. Lasarten eta Egian ere egin zuten eta beste lekuetan mugitzen ari zirela ikusita, Altzan ere zerbait egitea erabaki genuen. Egitasmo ederra iruditu zitzaigun hizkuntza ohiturak aldatzeko. Bestalde, egitasmoa zabaldu nahi genuen euskal hiztunen inguruan dabilen jende guztiarengana, eta bizilagunen inplikazioa bilatu nahi genuen. Erantzun ona eduki zuela uste dugu, 600 lagun inguru animatu ziren Belarriprest edo Ahobizi izatera. Orain, antzeko egitasmo bat egingo da Euskal Herri mailan: Euskaraldia. Txikitik lanean ari garenontzat aterki moduko bat izango da Euskaraldia, eta hori garrantzitsua da. Erakundeek ere parte hartuko dute eta oraindik zein konpromiso maila izango duten ikusteko badago ere, aberasgarria izango dela uste dut. Altza Hadi egitasmoan ere eduki genuen udalaren laguntza eta hori nabaritu egiten da. Hala ere, guk txikitik lanean jarraitu nahi dugu uste dugulako gertutasunak garrantzi handia duela. Euskararen aldeko beste egitasmo batzuekin alderatuta badu bereizgarririk Euskaraldiak? Egitasmo honetan norbanakoek hartzen duten konpromisoak berebiziko garrantzia dute. Beste egitasmo batzuetan ohituta gaude denok kalera atera eta bestelako irudi bat ematera. Hemen nork bere esparruan egin behar du lan. Hasi zarete auzoan Euskaraldia prestatzen? Bai. Lehen bilera bat egin dugu eta asmoa iazko egitasmoa errekuperatzea eta Euskaraldira moldatzea da. Euskaraldiaren inguruko erreporataje osoa hemen irakurgai.