Bidebietako bizilagunak drogaren aurka protestan, 1991an, frontoian.
80ko hamarkadan gogor kolpatu zuen belaunaldi oso bat heroinak, Bidebietan. Geroztik urte asko pasa diren arren, drogaren kalteek itzal luzea utzi dute auzoan.
Ia belaunaldi oso bat galdu zen Bidebietan heroinarekiko menpekotasuna zela eta. Hark eragindako kalteak nabaritu daitezke, oraindik, auzoan. Askok galdu dituzte seme-alabak, gurasoak edo anaia-arrebak drogen ondorioz. Irutxuloko hitzak gurasoak galdu dituzten bi lagunekin hitz egin du: Nahikari eta Xabi –azken hau asmatutako izena da–.
Isabel Garciak, aldiz, familian droga menpekotasun arazorik eduki ez badu ere, 50 urte daramatza auzoan bizitzen eta gertutik ezagutzen du 80ko hamarkadako errealitatea.
Bidebietako 12 dorreak eraikitzearekin batera etorri zen Garcia Urnietatik Bidebietara bizitzera. Ordura arte, logela bakar batean bizi zen bere seme-alabekin eta senarrarekin batera, eta etxea beste bi bikoterekin partekatzen zuen: “Senarrari lanean esan zioten Bidebietan eraiki nahi zituzten dorreetan bizitzeko eskaera egin genezakeela. Senarrak uste zuen ez geneukala aukerarik baina nik badaezpada saiatu egin nahi nuen”. Horrela, Garcia bakarrik joan zen Urnietatik Bidebietaraino eskaera egitera, eta geroztik pozarren bizi da Bidebietan. Dorre horietako batean bizi izan da Nahikari ere. Gurasoak hilik ditu eta txikitatik aitona-amonekin bizi izan da. “Nire aitona eta amona Añorgatik etorri ziren Bidebietara bizitzera. Etxeak 45 metro karratu zituen eta 7 seme-alabekin bizi ziren bertan”.
Garcia auzora iritsi zenean La Paz deitzen zitzaion, Nahikarik, aldiz, beti ezagutu du auzoa Bidebieta izenarekin. Hala ere, biak bat datoz esatean izena ez dela azken urteetan auzoan aldatu den gauza bakarra. “Gu txikiak ginenean droga asko ikusten zen kalean, xiringak topa zitezkeen edonon eta jendea edonon ziztatzen zen”, kontatu du Nahikarik. Garciak ere oroitzen ditu garai haiek: “Gogoan dut lanetik etxera bueltan autobusetik jaitsi eta jendea elkarri diru fardo potoloak ematen ikustea, droga kontsumitzeaz gain saldu ere asko egiten zen hemen”.
Hala ere, kaletik lasai ibili zitekeela uste dute: “Niri inoiz ez zait ezer pasa. Dena den, gogoan dut nire eskolako lagunei gurasoak ez zietela auzora sartzen uzten”. Garciak ere uste du garaiak asko aldatu diren arren, lehen seguruago ibiltzen zela kaletik: “Orain 84 urte ditut, eta, noski, adinak ere ez du barkatzen. Hala ere, lehen haurrak lasai uzten genituen kalean jolasten eta orain eskutik helduta ibili behar dugu”. Garciak ere azpimarratu du inoiz ez duela arazorik izan droga menpekotasuna zuen jendearekin: “Etxe azpian egoten ziren xiringak ziztatzen, baina nik ez nien ezer esaten eta beraiek ere bakean uzten ninduten”.
Guraso gabeko belaunaldia
Hogeita hamar urte inguru dituzte Nahikarik eta Xabik. Biek gurasoak hilik dituzte eta aitona-amonekin hazi dira. “Nire aitona-amonak izan dira niretzat gurasoak. Beraiei esker daukagu gaur egun daukagun bizitza”, dio Nahikarik. Esker hitzak baino ez dituzte urte luzez zaindu, hazi eta hezi dituztenentzat.
Nahikarik aitarekin ez du inoiz harremanik izan baina ama ezagutu zuen: “12 urte nituen ama hil zenean, ordurako sendatua zegoen baina heroinak kalte gehiegi egin zion bere osasunean eta hil egin zen”, azaldu du.
Oso gazte sartu zen bere ama droga munduan, 16 urte zituela: “Oso gaztea zen, gauza berri bat iritsi zen auzora, eta probatu egin zuen. Nik beti esaten dut nire ama gaixorik egon zela, edozeini gertatu ahal zitzaion”. Orain alaba bat dauka Nahikarik eta amaren izena darama hark: “Ez naiz nire amaz lotsatzen eta alaba oraindik oso txikia den arren dena kontatzen ahalegintzen naiz”.
Txikitatik ibili dira batera Xabi eta Nahikari, bien errealitatea ere oso antzekoa izan da, baina ez dira bakarrak: “Gure belaunaldian asko bizi izan dira aitona-amonekin, gurasoak hil direlako. Drogak belaunaldi oso bat hil zuen”.
Kanpotik eta barrutik
Drogaren garairik gogorrenak haurtzaroan harrapatu zituen Nahikari eta Xabi, Garciak, aldiz, gogoan du auzoa nola mobilizatu zen egoera haren aurka: “Bidebietan droga kontsumo handia zegoen baina ez hemengo jendea bakarrik, hiriko beste auzoetatik hona etortzen ziren heroina kontsumitzera. Hemen jende asko atera zen kalera, amak batez ere, eta udalari ere askotan eskatu genion esku hartzeko”.
Horrek guztiak auzoaren irudia ere nabarmen kaltetu zuela uste dute: “Bidebieta asko aldatu da eta orain oso auzo ederra da bizitzeko”. Gaineratu dute lehen ere errealitatea ezberdin bizi zutela bizilagunek edo auzotik kanpokoek: “Bidebieta beti izan da auzo segurua. Batzuek auzo problematiko bat moduan ikusi izan dute Bidebieta, baina hori ez da inoiz horrela izan”. Oraindik ere jendearen iruditegia aldatu beharra dagoela uste dute Nahikarik eta Xabik: “Bidebieta munduko auzorik onena da eta hortaz seguru gaude”.
Erreportajea: Eraldaketaren aurpegia
Duñike Agirrezabalaga, Partaidetza zinegotzia: “Eboluzio nabarmen bat egon da eta hobera egin du egoerak”
Haizea Busto, Bidebietako bizilaguna: “Bidebieta lotarako erabiltzen den auzo bat da, oraindik”