Duñike Agirrezabalaga, Partaidetza zinegotzia: "Eboluzio nabarmen bat egon da eta hobera egin du egoerak"
50 urte pasa dira Francisco Franco diktadorea Bidebietan egon zenetik. Nolako bilakaera eduki du Bidebietak?
Eboluzio nabarmen bat egon da eta hobera egin du egoerak, zalantzarik gabe.Orain dela urte batzuk drogarekin arazoak egon ziren auzoan. Heroina indar handiarekin sartu zen Bidebietara eta horrek arazo larriak sortu zituen auzoan, ez zen batere erraza izan gaitz horri aurre egitea, baina, azkenean, lortu zen. Orduz geroztik, hainbat esku hartze egin ditu udalak, eta, horiek, Bidebietaren egoera hobetzen lagundu dutela uste dut.
Udalak Bidebietaren onurarako egindako zein egitasmo nabarmenduko zenituzke?
Esku hartze bat baino gehiago egin ditugu azken boladan Bidebietan. Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraiki ditugu; kiroldegia jarri dugu auzoan; zahar etxe bat ere ireki dugu; parkeen birmoldaketa egin dugu; igogailu bat jarri dugu; zerbitzu sozialak indartu ditugu; espaloi berriak jarri eta lehengoak egokitu ditugu; Dbuseko autobus zerbitzua areagotu eta hobetu dugu, anbulatorioa jarri dugu; hiri ondarearen barruan ere sartu dugu auzoa; eta, azkenik, Gaiztarron hainbat espazio publiko eraiki ditugu.
Hobekuntza guzti horiekin. Nola ikusten duzu gaur egun auzoa?
Hirian integratua dagoen auzo bat da eta horrek hainbat onura ditu. Hala ere, udaletik kontziente gara auzoaren kohesio soziala lantzen jarraitu behar dugula eta arlo horretan oraindik lana dugu egiteko. Hala ere, bide horretan jarraitu nahi dugu Bidebietaren onurarako.
Epe motzean zein egitasmo aurreikusten dituzue auzoan?
Laster Ekialdeko Barrutia sortuko da. Altza, Intxaurrondo eta Mirakruz-Bidebieta auzoak egongo dira barruti horretan, eta, horren bitartez, auzoaren garapenerako beharrezkoak diren egitasmoak eta proiektuak bizilagunekin batera landu ahal izango dira. Partaidetzaren ikuspuntutik egitasmo garrantzitsua dela uste dut. Izan ere, barrutiek aurrekontu gutxi izan arren, gaitasuna edukiko dute udalaren erabakietan eragiteko eta beraien hitza entzunarazteko.
Erreportajea: Eraldaketaren aurpegia
Erreportajea: Belaunaldi oso baten galbaea
Erreportajea: Eraldaketaren aurpegia