Kontadores lantegia, 1960-1970 urte bitartean. kutxa fototeka
1967an inauguratu zuen Francisco Francok Bidebietan eraiki zuten La Paz industriagunea. Horrela, nekazaritza eremu bat zena, dorrez inguratutako industriagune bihurtu zen.
Espainiako gerra bukatu zenetik 25 urte bete zirela ospatzeko La Paz izeneko poligonoa inauguratu zuen 1967an Francisco Franco diktadoreak, Bidebietan. Gipuzkoan, guztira, 15 poligono inauguratu zituzten izen berarekin. Frankismoren propaganda egiteko baliatu zituzten poligonoen eta etxebizitzen inaugurazio horiek. Horrela, Bidebieta izatetik La Paz izatera igaro zen urte batzuetan. Nahiz eta bizilagunek laster egin zioten uko «inposatutako» izen horri eta lehenagotik auzoak zuen Bidebieta izena errekuperatu zuten. Iaz bete ziren 50 urte La Paz Bidebietara iritsi zenetik.
Ez dira alferrik pasa urteak auzoan, eta atzera begira jartzea besterik ez dago hortaz ohartzeko. Urte luzez nekazaritza eremua izan zena, industriagune bihurtu, eta auzoa ikaragarri eraldatu zen. Mende erdi beranduago, gutxi geratzen da behin izan zen Bidebieta hartatik.
1957an hasi ziren pixkanaka lurrak desjabetzen eta bertan industriagunea eraikitzen. Baserri asko bota zituzten eta baserri haietan bizi zen jendea Francok industriaguneko langileentzat eraikitako 12 dorreetara joan ziren bizitzera. «12 apostoluak moduan ezagutzen dira dorre hauek, izan ere, goitik begiratuta gurutze forma daukate», azaldu dute Mairibel Manzano eta Jon Serrano Altzako Historia Mintegiko kideek.
Industrializazioaren aurretik Bidebietan 13 baserri inguru zeudela dio Manzanok: “Ezin uka genezake nekazaritza eremuko inguru bat zela”. Nekazaritzatik, abeltzaintzatik edo itsasotik bizi zen jende gehiena auzoan, baina urte gutxiren buruan espero gabeko norabidea hartu zuen Bidebietak eta nekazaritza eremu bat izatetik industriagunez eta etxe orratzez betetako auzo bat izatera igaro zen. Gaur egun, garai hartan auzoa izan zenaren aztarna gutxi batzuk baino ez dira geratzen: “Moneda eta Gomistegi baserriak eta Kontadores dira garai bateko Bidebietatik geratzen diren aztarnak”.
Kontadores zentroa, gaur egun, Bidebietan.(Argazkia: Malen Aldalur)
Zutik geratu ziren baserri bakarrak Gomistegi eta Moneda baserriak badira ere, Manzanok azpimarratu du Gomistegiren kasuan, gaur egun ez dagoela garai batean zegoen leku berean: “Lehen baserria Pasaiako portutik gertuago zegoen, gero berreraiki zuten gaur egun dagoen lekuan”.
Ondo gogoratzen ditu garai horiek Gemma del Riok. Villa Mari izeneko etxean bizi zen del Rio bere guraso, aitona-amona eta izeba-osabekin. Berak 7 urte zituela etxetik alde egin behar izan zuten lurrak desjabetu zizkietela eta, berarentzat auzoaren eraldaketa guztia “inpaktu” handi bat izan zela dio. Duela gutxi ohartu da beraien lurren desjabetzea “tranpa ba” izan zela: “Orain dela ez asko jakin dut gure etxea ez zegoela desjabetu behar zituzten lurren artean, baina tranpa batzuk egin zituzten eremu handiagoa desjabetu ahal izateko”. Villa Maritik alde egin behar izan zuten eta dorreetako batera joan zen del Rio aita, ama eta anaiarekin batera. “Oso diru gutxi eman ziguten etxearen trukean, dorreetako etxe bat erosteko ere ez zitzaigun iristen eta zati bat guk ordaindu behar izan genuen”.
Haurtzaroa nahiko «traumatikoa» izan zela oroitzen du: “Gu ohituta geunden kalean bakarrik ibiltzera, ondoko baserrietako haurrekin jolastera eta oso denbora gutxian auzoa asko aldatu zen”.
Eraiki zituzten lehen dorreetako batean bizi izan zen del Rio: “Hasieran dorreetan bizi ginen gehienok ezagunak ginen, desjabetutako baserrietako jendea bertara joan ginen bizitzera, baina pixkanaka atzerritik jende asko hasi zen iristen eta kulturalki eta sozialki talka handia izan zen”. 1968an bota zuten Villa Mari etxea eta harekin batera alde egin zuten del Rioren hainbat bizi ohiturek.
Franco, Bidebietan
Francok Bidebietara egindako bisita, 1967ko iraularen 17an. kutxa fototeka
1967an inauguratu zuen Francok La Paz poligonoa. Haurra izanagatik ondo oroitzen du egun hori del Riok: “Egun batzuk lehenagotik auzoa Guardia Zibilez beteta zegoen, palko handi bat jarri zuten Espainiako banderez josia eta behartu egin gintuzten inauguraziora joatera”. Polizia bizilagun guztiengana etxez etxe joan zela azaldu du:?”Gogoan dut egun hartan aita oso haserre zegoela. Saregilea zen eta gau guztia lanean pasa zuen, arratsaldean lo egin nahi zuen baina poliziak etxetik ateratzera behartu zuen. Metrailetekin apuntatzen gintuzten bitartean jaitsi ginen inauguraziora”. Oroitzen du autoan iritsi zela Franco inauguraziora eta txalo artean hartu zutela: “Ni eta anaia txalo egitera gindoazen eta aitak eskutik heldu gintuen geldirik egoteko, eta gizon horri txalorik ez egiteko esanez”. 8 urte zituen orduan del Riok eta azaldu du une horretan ez zuela ezer ulertzen.
Denbora gutxian “ikaragarri” handitu zen auzoa. “Kontuan izan behar da paraleloki beste etxebizitza batzuk eraikitzen ere hasi zirela”, dio Manzanok. Horietako asko ofizio jakinetako jendearentzat eraiki ziren: autobus gidarientzat edo itsas armadakoentzat. Auzoa handitzearekin batera, bizilagunen beharrak asetzeko azpiegiturak ere sortu behar izan zituzten: “Dorre baten behealdean eliza bat jarri zuten eta kiroldegi bat ere eraiki zuten”.
Haurrak ere gero eta gehiago ziren eta hasieran barrakoietan ikasten bazuten ere, gerora, gaur egun ikastetxe Horia moduan ezagutzen dena eraiki zuten. “Nik ez nuen Bidebietan ikasi baina oroitzen dut irakasleetako asko militar ohiak zirela. Frankismo garaian irakasle kritikoak fusilatu edo irakaskuntzatik kanporatu egin zituzten eta orduan irakasle falta handia zegoen”.
Villa Mari, eraitsi aurretik.
80ko hamarkadan Bidebietako biztanleria oso handia zela dio Manzanok: “Garai horietan auzoan mugimendu sozial handia zegoen eta jende asko bizi zen”. Halaxe oroitzen du 80ko hamarkada del Riok ere: “Oso auzo mugitua zen eta ETA ere oso presente zegoen”. Testuinguru horretan iritsi zen heroina auzora: “Belaunaldi oso bat galdu zen heroinarekin. Ni baino bi urte gazteagoetatik behera jende asko hil zen. Lagun eta ezagun asko galdu nituen”. Garai horietako ondorioetako bat, adibidez, auzoko elkarteak direla dio Manzanok: “Drogaren arazoari irtenbide bat topatzeko asmoz bizilagun asko hasi ziren antolatzen eta udalari neurriak hartzeko eskatzen”.
Drogaren olatua pasata, auzoa asko aldatu dela diote: “Orain lotarako auzo bat bihurtu da eta erronka auzoko mugimendu sozial eta kulturala berreskuratzea da”.
Kronologia
1967
Lurraren desjabetzeak hasi ziren, ondoren, bertan dorreak eta industriagunea eraikitzeko asmoz.
1967
Francisko Franco diktadoreak La Paz izeneko poligonoa inauguratu zuen.
1968
San Frantzisko Xabier parrokia sortu zuten 9. dorrearen behealdean, auzora joandako bizilagunei zerbitzua eskaintzeko.
1976
Eskola publikoa eraikitzeko enkantea onartu zen. Bi urte beranduago, lehen guraso elkartea osatu zuten.
1978
Kiroldegia inauguratu zuten.
1980
Eliza berria eraiki zuten, gaur egungoa dagoen leku berean.
Frankismo garaian izena aldatu zioten Bidebietari
Oraindik ba omen dago auzoari La Paz deitzen dionik, baina izen hori garai baten auzoa izan zenaren oroitzapen huts bat da gehienentzat. “Niri min egiten dit oraindik norbaiti La Paz deitzen entzuten diodanean”, dio del Riok.
Historia mintegiko kideek azaldu dute dokumenturik aurkitu ez arren, Bidebieta, auzoko baserri baten izena zela azaltzen dela hainbat dokumentutan eta horrek eman ziola izena auzoari: “Badirudi baserri hori zegoen lekuan finka bat egin zutela gero, eremu hori gaur egun Gaiztarro moduan ezagutzen dugu”. Azaldu du partzela horrek urte luzez iraun zuela. Ondoren, 1977an han eraikita zegoen etxea bota eta urbanizazio pribatuak egin zituzten bertan, “Bidebieta 1 moduan ezagutzen dena”. “Oraindik ere nabari da han etxeak ezberdinak direla, dirua zuen jendea bizi zen bertan”, diote.
Erreportajea: Belaunaldi oso baten galbaea
Duñike Agirrezabalaga, Partaidetza zinegotzia: “Eboluzio nabarmen bat egon da eta hobera egin du egoerak”
Haizea Busto, Bidebietako bizilaguna: “Bidebieta lotarako erabiltzen den auzo bat da, oraindik”