Haizea Busto, Bidebietako bizilaguna: "Bidebieta lotarako erabiltzen den auzo bat da, oraindik"
Auzoko saltsa ugaritan sartuta dago Haizea Busto. Bidebietan egiten du bere bizimodua eta gertutik ezagutzen du auzoaren errealitatea. Kezkatuta dago eta Bidebietari duen garrantzia emateko eskatzen dio udalari, batez ere, arlo kulturalean eta sozialean.
Nola ikuste duzu Bidebieta gaur egun?
Mugimendu askorik gabeko auzoa da, oraindik, Bidebieta. Nabaritzen da ez dugula Kultur etxerik edo jendea elkartzeko lekurik, beste auzo batzuetan bezala. Ez daukagu haurrak egoteko plaza bat ere. Merkataritzari dagokionez, auzoan denda asko ixten ari dira, eta horrek, ezinbesteak eragiten ditu auzoko bizitzan. Egia da antolatzen diren jardueretan gero eta jende gehiago ibiltzen dela, baina oraindik asko dago egiteko. Gaur egun, Bidebeita lotarako erabiltzen den auzo bat da. Sentitzen dugu periferian gaudela eta ez digutela kasurik egiten. Hemen jendea mugitzea zailagoa da, eta nahiago dituzte gauzak auzo errazagoetan egin.
Badago mugimendu sozialik edo kulturalik auzoan?
Badaude talde antolatu batzuk. Txanpontxo jai batzordea, Heltzegor euskara elkartea eta Tamesis konpartsa, esaterako. Txanpontxo jaiak antolatzen ibiltzen garenok San Joanetan eta auzoko Santo Tomas Egunean ere hartzen dugu parte. Heltzegor euskara elkartearentzat Euskara eguna izaten da egun indartsuena, baina urtean zehar beraien lokalean liburutegi txiki bat ere jartzen dute. Oraintxe hasi dira egitasmoarekin, baina irakurzaletasuna eta euskara bultzatzeko proiektu polita da. Gainera, bestelako festak antolatzen ere hartzen dute parte. Tamesi agian gehiago da Donostiako inauteriei begira sortutako talde bat, baina San Joanak antolatzen, adibidez, aritzen dira auzoan. Bestalde, aurten Bidebietako institutu publikoa arriskuan egon dela eta, Marea Horia izeneko mugimendua ere sortu dute.
Nola dago une honetan Marea Horia mugimendua?
Taldea oso indartsu zegoen sortu zenean, institutuaren egoerak haserrea sortu zuen auzoan. Izan ere, Bidebieta ez da auzo aberats bat eta derrigorrez behar du institutu publiko bat. Bizilagunek honakoa galdetzen genuen: zergatik bizilagunek ez dituzte haurrak eskola horretara bidali nahi? Hortik hasi zen borroka, eta giza kateak eta kazeroladak egin ziren auzoan. Momentuz lortu da institutua ez ixtea eta proiektu pedagogiko berri bat aurkeztea, eta jendea lasaitu egin da. Oraindik jarraitzen dute gutxi batzuek elkartzen baina asko baretu da mugimendua. Hala ere, kontuan izan behar da posible dela pare bat urtera berriz arazo berdinaren aurrean egotea.
Auzoenea egitasmoa ere abian duzue Eskola Horian. Nola doa?
Aurrera jarraitzen du egitasmoak, nahiz eta isilik dagoen. Auzoko pare bat musika taldek bertan entseatzen dute, Yoga ikastaroak ere egiten dira, eta baita urtebetetze festak ere. Orain eraikina hustuko dutenaren beldurrez gaude, hala bada, ez dakigu zer gertatuko den egitasmoarekin.
Aurrera begira, zer uste duzu behar duela auzoak?
Kultur etxe moduko bat edo zentro bat bizilagunak bertan elkartzeko. Haurrek nora joan eduki behar dute eskolatik ateratzean. Sakabanatuak bizi gara eta auzoaren kohesiorako beharrez koa da espazio partekatuak edukitzea. Bestalde, merkatariei eta euskarari bultzadatxo bat ematea ere ez legoke batere gaizki.
Duñike Agirrezabalaga, Partaidetza zinegotzia: “Eboluzio nabarmen bat egon da eta hobera egin du egoerak”
Erreportajea: Eraldaketaren aurpegia