Argazkia: Iñaki Agirre
OSAGAIAK
– Haragi txikitua (200 g)
– Hirugiarra
– Arrautza
– Emmental gazta
– Letxuga
– Tomatea
– Baratxuria
– Gatz larria
– Piper hautsa
– Tipula
PRESTAKETA
Hanburgesa prestatzeko, haragi txikitua hartu eta gatz larria, piper hautsa eta baratxuria gehitu behar dizkiogu. Haragia plantxan jarrita, tipula goxatua gehituko diogu. Gero, hirugihar frijitua eta emmental gazta ipiniko dizkiogu gainean. Hanburgesa lodi xamarra denez, hura barrutik egiten den bitartean gazta urtzen joango da. Azkenik, hanburgesa ogi tartean dugularik, letxuga, tomatea eta arrautza frijitua gehituko dizkiogu.
Aitor Jauregi, Larra tabernako arduraduna.
“Bezeroekin dugun gertuko harremanak bereizten gaitu”
Argazkia: Iñaki Agirre
Ikatz kaleko taberna ezaguna da Larra, tripa betetzeko leku aproposa baita Parte Zaharretik poteatzen dabiltzanentzat. Tabernako barran ageri den pintxo sortak eta barruan nagusitzen den giro atseginak bere kabuz hitz egiten duten arren, Aitor Jauregi arduradunak atseginez eman digu tabernaren berri.
Nortzuk daramazue Larra?
Gorkak, Ixiarrek eta hiruok daramagu. Lehen langileak ginen, eta bakoitzak lauzpabost urte pasa ditugu aurretik hemen lanean. Abendutik, ordea, negozioaren kudeaketa gure kabuz daramagu.
Taberna, ordea, aspalditik existitzen da, ezta?
Bai. Ni Parte Zaharrekoa naiz eta betidanik ezagutu dut Larra taberna, egia esan. Zehazki ez dakit noiztik dagoen zabalik, baina 30 urtetik gora badituela esango nuke.
Zein eskaintza du egungo Larrak?
Pintxoz beteriko barra, ogitartekoak, sandwichak, hanburgesak, pintxo beroak, errazioak…
Poteoan pintxoak garrantzi handia izango du, noski.
Batik bat gazteekin, bai. Poteoan asko dabiltza hemendik, eta gosea dutenean beti datoz guregana.
Edaten dutena baino gehiago jaten dute?
Ez. Gehiago edaten dute, dudarik gabe!
Baduzue plater berezirik?
Ez dugu plater berezirik, baina jendearengan zirrara gehien sortzen duena hanburgesa da. Tamaina itzela du, oso ona dago eta etxeko patata frijituekin aurkezten dugu.
Zenbat pisatzen du?
200 gramo haragi dauzka. Hanburgesa osoak, hortaz, 300 gramotik gora pisatu dezakela esango nuke.
Zerk egiten du berezi Larra taberna?
Nire ustez, bezeroekin dugun gertuko harremanak egiten du berezia taberna. Etxeko giroan gabiltza hemen, gazte zein helduekin. Auzoko lekua da eta bertako jendearekin egiten dugu lan.
Zein jatetxe gomendatuko zenuke?
Parte Zaharreko Narrika eta Iñigo kaleen artean dagoen Auñamendi jatetxea. Hara joaten garen aldiro oso gustura geratzen gara.