Mugimendu feministako kideak, Donostian egindako agerraldian. (Argazkia: Malen Aldalur)
Indarkeria matxistaren biktima izandako emakumeak artatzeko Bidean zentroan, “zabarkeriaz” tratatu dituztela salatu dute bertako emakumeek. Agerraldia egin du Donostiako mugimendu feministak emakumeen etxean eta jakinarazi dute hainbat idatzi aurkeztu dituztela Arartekoan. Emakume hauen segurtasuna eta intimitatea babesteko asmoz, mugimendu feministako kideek eman dute prentsaurrekoa eta ezkutuan egon dira egoera salatu duten emakumeak.
Bidean, Donostian dagoen egonaldi ertaineko nahiz luzeko harrera zentroa da eta bere egitekoa indarkeria matxistaren biktimei segurtasuna eta erabat errekuperatzeko bidea ematea da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura da zentroa, eta FEPAS enpresak kudeatzen du.
“Badakigu testuingurua, berez, traba izan daitekeela prozesu baten bilakaeran, baina gure kasuan hango langileen jarrera izan da eragin diguna eta osasunean kalte larriak ekarri dizkiguna, eskubideak urratu dizkigutelako eta emandako tratura arduragabea izan delako”, salatu dute. Aipatu dute aurkeztu dituzten adierazpenetan zehatz deskribatu dutela zentroaren
“utzikeria”. “Ez dituzte aintzat hartu emakumeon osasuna edota behar psikiko eta sozialak, beren ardurak utziz, baita emakumeok gaixorik egon garenean ere”, gaineratu dute. Bestalde,
testigantza batzuetan langileek esaldi “laidogarriak eta iraingarriak” esan dizkietela jaso dute.
Era berean, salatu dute diru iturririk ez duten emakumeei ez dietela eman diru laguntzarik garraiorako eta aisialdiko jarduerak antolatzeko: “Horrez gain, eta emakumeen elikadura ere ez da kontuan hartu eta ez dira haien beharrek bete, elikagaien eskasia nabarmena baita, bai emakumeentzat, bai adingabeentzat ere. Gainera, iraungitako janariak ematen dituzte”.
Gaineratu dute emakume guztiak bat datozela esatean eman dieten arretak berriro konektatu dituela tratu txarrekin, “kasu honetan erakundeek emandako tratu txarrekin”.
Guzti horrengatik, hainbat eskari egin dituzte:
- Erreparazioa eta kalte ordainak
- Bidean zentroa berehala ixtea
- Langileen taldea berregituratzea
- Zentroaren kudeaketa aldatzea
- Foru Aldundiko teknikariak mota honetako zentroak ikuskatzea
- Laguntza izateko aukera berri bat eskaintzea baliabide hau utzi behar izan duten eta oraindik errekuperazio fasean daude emakumeei.