Blas de Otero plazako kantxa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Blas de Otero plazako jolas gunea kentzeko konpromisoa hartu du udalak, bizilagun batzuek hala eskatuta; Egiako auzo elkartea ez dago ados erabakiarekin.
Blas de Otero plazako kantxa eztabaidagai izaten ari da Egian. Plaza horretako bizilagun batzuek kantxa kentzeko sinadurak bildu dituzte, eta udalak adierazi dio Irutxuloko Hitzari konpromisoa hartu duela eskaera betetzeko. Egia Bizirik auzo elkarteak dio ez duela gaiaren inguruko informaziorik jaso udalaren aldetik, eta benetan hori bada erabakia, egingo dituztela egin beharrekoak.
«Guri udalak ez digu inolako informaziorik pasa. Jaso genuen joan den astean eskaera bat, inguru hartako bizilagun batek udalari egindakoa», azaldu du Egia Bizirikeko Berdaitz Gurutzeagak. Ohar horretan bizilagunak gogorarazten dio udal gobernuari eta alkateari iazko azaroan haiekin hartutako konpromisoa betetzeko: «Dirudienez, bilera hartan adostu zuten kantxa kentzea, baina auzo elkartean ez genekien bilera egin zutenik ere». Gurutzeagak dio bizilagunen kexa nagusia dela haurrak baloiarekin jolasean aritzen direla, eta bizilagunak deseroso sentitzen direla.
Udalak esan du bizilagunen nahia betetzen ari dela: «Blas de Otero plazako bizilagunek hainbatetan eskatu diote udalari kirol kantxa plazatik kentzeko. Arrazoia da bertan jokatzen diren partidek zarata eragiten dutela eta gogaitu egiten direla bizilagunak. Gainera, lehen solairuetan baloikadak jasotzen dituzte». Horrela, udalak argudiatu du plazako bizilagunen artean adostasun zabala lortu duela eskaera horrek, eta askotan helarazi dietenez eskaera bera, aintzat hartzea erabaki dutela: «Kirol gune hori bertatik kentzea erabaki dugu, eta jarriko dugu hirian oraindik zehazteke dagoen beste lekuren batean. Behin betiko lekua erabaki bezain laster jakinaraziko dugu».
2014an adostutako plaza
Gurutzeagak oroitu du Blas de Otero plazaren birmoldaketa aurreko agintaldian adostu zutela, udalarekin egindako bilera ireki batzuen bidez: «Hausnartu genuen plaza ordura arte zer zen. Lehen aparkaleku gisa erabiltzen zen eta haur txikientzako parke bat zuen, gutxi erabiltzen zena. Denon artean erabaki batzuk hartu genituen, eta lehenengoa izan zen plaza bat izatea, ez aparkaleku bat».
Erabilera zehatza erabakitzeko garaian, bileretako partaideek hainbat aukera eman zituztela dio Gurutzeagak, eta denen artean batzuk aukeratu zituztela: eserita egoteko leku bat sortzea; zaharren egoitza hor zegoenez, adinekoentzako ariketa fisikoak egiteko makinak jartzea, 300 metro koadroko eremu estali bat izatea ekitaldietarako, eta gaztetxoentzako erabilera anitzeko kantxa bat. «Auzoan bagenituen haur txikientzako parke dezente jada; Atotxako futbol zelaia plazakoa, Gladys Enea parkekoa, eta goikaldean beste bi. Nerabeentzako kantxa bakarra genuen, auzoaren goialdean, eta horregatik eskatu genuen», azaldu du auzo elkarteko kideak.
Edonola Gurutzeagak oroitu du hasieratik bazeudela bizilagun batzuk proiektu guztiaren aurka: «Ulertzen zuten plaza beraiena izango balitz bezala, eta ez zuten ongi ikusten udalak egindako eskaintza ere. Hasieratik oso oldarkor azaldu ziren». Horrela, obra esandako erabaki guztiekin adjudikatu bazuten ere, gune estalia ez zuten sekula jarri: «Justu gobernu aldaketa iritsi zen, eta lehen erabakietako bat izan zen obratik ezabatzea gune estalia, bizilagun batzuek eskatu zutelako. Orain, kantxarekin gauza bera gertatzen ari da. Bizilagun batzuek eskaera egin dute, eta oso bidezkoa da, baina kontua zer da 300 sinadura biltzea? jarriko ditugu guk 1.000!».
Horrela bada, kezkatua dago Gurutzeaga:?«Plaza hori berritzeko erabakia hartu zen oso modu irekian eta garbian, eta ez dugu ulertzen batzuen eskaerari kaso egin eta bertan behera uztea denek erabakitakoa». Beraz, udalari eskatu dio plazatik igaro dedin: «Zortzi urteko bi seme-alaba ditut eta askotan egoten naiz plaza horretan. Ez dut uste inolako arazorik egoten denik. Udalak frogatu du benetan ea bizilagunek esandakoa horrela den? Beraiekin izango dugun hurrengo bileran hitz egingo dugu».