Harri pilaketa. (Argazkia: Belartza 2 Gelditu)
Belartza 2 guneko harri pilaketaren afera dela eta, errekurtsoa aurkeztu du Belartza 2 Gelditu Plataformak EAEko Auzitegi Nagusian, Haritzalde Naturzaleen Elkartearen eskutik. “Aurretik elegitea aurkeztu genuen Donostiako Udalak emandako baimenaren aurka, legez kanpokoa zelako. Gure ustez emandako baimenak ez baitu oinarri juridikorik, eta horregatik erabaki hura baliogabetzea eskatzen dugu”, diote plataformakoek. Baimen horien bidez lortu zuen eraikuntza enpresak Mercadona egitea, eta Belartza Goikora eramatea harrobitik ateratako hondakin eta harriak, eremu natural batean, lau hektarea okupatuz.
Plataformak dio materialak Belartzan betiko utzi nahi dituztela, eta irabaziak atera nahi izan dituztela: “Materialak kutsatuta egoteko zantzu eta aztarnak izan arren, toki askotara eraman zituzten, haiekin etekin ekonomikoak lortzeko. Izan ere, kamioi andana ibili zen bueltaka harriak eramateko Arbaizeneara, eta Astigarraga eta Orioko obretara”. Diotenez hori guztia JR Becerra parlamentariak Eusko Legebiltzarrean salatu zuen joan den azaroan.
“Enrique Ramosek 20 hilabeterako emandako baimena duela hilabete asko agortu zen, eta udalaren esku dago kenduaraztea edo beraiek kentzea sustatzaileen lepora. Bien bitartean, maiz elkartzen da Belartza 2ko proeiktu berriaren inguruan negoziatzeko iruzurra egin zioten sustatzaileekin”. Plataformak dio bi urte luze daramatzatela salaketekin, eta azpijokoa salatu dute: “Merkataritza gune erraldoi berriak Anoeta bezalako 24 futbol estadioren azalera hartuko luke, eta badirudi araudiaren gainetik egingo bada ere udala laguntzeko prest dagoela”.
Martxoan salatu zuten azkenekoz harri pilaketak bertan jarraitzen zuela.