Trenbidearen azpiko errepideak piboteekin jarraitzen du, eta dena berriro altxako dutela dio auzo elkarteak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Astiñeneko zubia, Loiola zeharbidea eta Loiolako Erriberara joateko oinezko bidea dira Loiolako auzo elkartearen kezka nagusiak; udalarekin arazoak dituztela diote.
Kezkatuak eta erreak daude Loiolan, udalarekin duten harremana dela eta. Urumea ibaia auzo elkarteko Igor Alonsorekin eta Victoria Corderorekin bildu gara, eta egoeraren berri eman digute: «Hiru gai orokor ditugu konpondu beharrekoak, baina bereziki kezkatuak gaude udalarekin. Ikusten dugu edozein gairen inguruan auzo elkartekoak garela neurrien berri izaten azkenak, eta horrek sekulako frustrazioa sortzen digu», dio Alonsok. Duñike Agirrezabalaga Partaidetza zinegotziari pentsatzen duena argi eta garbi esan ziola dio gainera Alonsok: «Esan nion ez dakitela ongi zein altxor duten auzo guztietan, gure auzoengatik lan boluntarioa egiteko prest gauden jende guztiarekin. Euren begiak gara egunerokoan, eta ez dute gure lana baloratzen».
Esan bezala, bada, hiru gai nagusirekin bueltaka dabiltza lanean azken hilabeteetan Loiolan: Astiñeneko zubia, Loiolako zeharbideko lanak, eta Loiola eta Loiolako Erribera arteko oinezkoentzako bidea.
Astiñene baino gehiago
Astiñeneko zubiaren aferak bukaezina dirudi Loiolan. Aspaldiko eskaera zen auzotarren aldetik zubi hori konpontzea, egoera txarrean zegoelako. Azkenean, iazko abuztuan, udalak zubia ixtea erabaki zuen, egoera txarrean zegoela argudiatuz. Zubi berri bat egitea erabaki dute agintariek, baina, bien bitartean, auzotarren prostestak tarteko, orain arteko zubia konpontzea erabaki dute. Abenduan hasi zituzten lehen lanak zubi zaharra konpontzeko, eta pasabidea itxita egon zen. Urtarrilean oinezkoentzako eta bizikleta eta motorrentzako ireki zuten bidea, baina apirilean berriro itxi zuten. «Lehen aldiz itxi zutenean barkamena eskatu ziguten ez abixatzeagatik, eta orain obra handiena egiteko berriro itxi dutenean, prentsaren bidez jakin dugu», azaldu du Alonsok.
Loiolako zeharbidearen kontuarekin ere oso kezkatuak daude. Izan ere, Euskotreneko topo geltokiaren lanak bukatu zituztenean, La Salle aldera doan errepide zatia berritu zuten. Bide hori bukatua dagoen arren, piboteekin jarraitzen du. «Piboteak ez dituzte kenduko, obra guztia probisionala delako», azaldu du Corderok. «700.000 euro gastatu dituzte, eta bide horretan zer egin erabakitzen dutenean, berriro dena altxa beharko dute», gehitu du Alonsok. Duela hilabete batzuk partaidetza prozesu bat izan zuten Loiola zeharbidearen inguruan. «Bilera horietan gure iritziak jaso zituzten, baina gero nahi dutena egiten dute. Zeharbidearen azpian, esaterako, lurpeko aparkaleku bat egingo zutela zin egin zieten bizilagunei, eta azkenean ez dute egingo». Horrela, bizilagunekin bilduko direla diote, auzo elkarteak deituta, bizilagunak informatzeko.
Corderok oso gertutik bizi du Loiola eta eta Loiolako Erribera arteko bidearen egunerokoa. «Nire seme-alabek Ikasbiden ikasten dute, eta udalarekin batera parte hartu dugu Eskola Bidea jardueran. Ikastolara joateko bidean sekulako segurtasun falta genuen, eta lortu dugu zati batzuk nolabait hobetzea, baina semaforoarekin borrokan jarraitzen dugu». Kontua da Urki ondoko aparkalekuaren aurrean badagoela gurutzebide bat Loiolako Erriberara joateko; denbora asko behar izaten du semaforoak aldatzeko, eta ez du denbora ematen alde batetik bestera igarotzeko. «Bi urteren ostean lortu genuen udalak aldudiarekin hitz egitea, eta botoi bat jarri ziguten semaforoa aldatzeko. Orain botoiak ez du funtzionatzen, eta berriz lehen bezala gaude».
Erantzunik ez
Aipatutako gai horietaz gain, kezka gehiago ere badituzte. «Esan daiteke auzora sartzeko hiru bide nagusiak puntu kritikoak direla; Loiolako Erriberakoa, Egiakoa eta Hipikakoa».
Arazo guztien aurrean, teknikariekin hitz egiten dutela diote, eta eurekin ez dutela inolako arazorik, beti baitaude laguntzeko prest. «Odon Elorzaren udal gobernuarekin ez dakit nola egiten zuten, baina Juan Karlos Izagirreren taldearekin, teknikariarekin hitz egiten genuen, haiek komunikatzen zuten, eta erantzun bat jasotzen genuen. Orain, ez ditugu legez eskaerak egin bahar, baina horrela eginda ere, ez dugu erantzunik jasotzen. Eskaerak geratu egiten dira politikariengana iristen direnean».