Iritsi da udaberria!
Bizitza da handiena
Ezerezetik bezala, baina batez ere behetik gora, herritarrok sorpresa eman dugu: Maiatzaren 19tik 27ra handiena bizitza dela aldarrikatuko dugu kalean eta elkarrekin! Has dadila festa! Bizitza Da Handiena kanpaina, borroka sozialen aste hau, herri mugimendu eta sindikatu mordoaren indarren bateratze hau baliatuko dugu egunero egunero zapaltzen gaituzten horiei aurre egiteko, herri boterea eraikitzen jarraitzeko. Herritarron gehiengoaren aurka eta gutxiengo baten alde inposatzen dizkiguten politika eta erabakiei aurre egiteko astea izango da. Horren adibidea da 78ko Euskal Erregimeneko indar politikoek inposatu nahi diguten turismo eredu suntsitzailea. Turismo politika horren aurka hainbat herri ekimen garatu genituen Donostian joan den urtean eta zein izan da herri protesta horren aurrean instituzioek emaniko erantzuna? Batetik, hotel bat okupatu zuten 20 bat gazte donostiar auziperatu dituzte; bestetik, herritarrak zigortzeko isunak iristen hasi dira; eta, azkenik, inolako lotsarik gabe, agintariek diru publikoa xahutuko dute Turismoaren Munduko Erakundearen batzarra Donostian antolatuz. Herritarrez trufatu dira berriro ere. Eskandalu bat da. Nola ulertu horrelako jokabide arduragabea Donostian, hain justu turismoak itota duen gure hirian? Desastre horren aurrean, herritar guztiei dei egiten diegu bizipoza hartu eta kalera ateratzeko, kaleak guztionak direla ozen esateko, eta ez kameraz bete eta bertan aurrez baimenik eskatu gabe biltzen garenean polizia bidaltzen duten instituzioetako jauntxoenak. Aste oso bat ekimenez josiko dugu, kolorez jantziko dugu Donostia, elkartasunetik, alaitasunetik eta herritik borrokatuz. Astebeteko kanpaldi bat egingo dugu horretarako. Astebeteko kanpaldi bat abiatuko dugu, eta herritar guztiak deitzen ditugu arratsaldero 19:30ean egingo den asanbladan parte hartzera. Etxean eta desanimatuta nahi gaituzten arren, kalea bizi-bizirik dago, bizi-bizirik gaude, gainean dauzkagun hauek nahi ez badute ere. 60 herri mugimendu eta sindikatuk babesten dugun mugimendu honek, beraz, instituzioei dei zuzen eta garbia egiten die: Herria gu gara, eta antolatuta gaude. Gutako inori eraso egiten badiozue, gutako guztiok erasotuko gaituzue, herria erasotuko duzue. Zuen bulegoetan herritarrak kontuan hartu gabe hartzen dituzuen erabakiak gure kontra doaz zuzenean, eta guk, bulegoak baino, plazak nahiago ditugu. Bizitza dugu aldarri eta horren alde egingo dugu. Guk garbi diogu: ez dugu biolentziarik erabiliko, eta espero dugu boteretik ere ez erabiltzea. Lege eta politika injustuei aurre egiteko gure tresnak desobendientzia zibila, kolaborazio-eza, ekintza zuzena eta erresistentzia izango dira. Eraikin publiko honetan sartu gara, urteak direlako hutsik dagoela hiri erdian, herritarren beharrak izugarriak direnean. Eraikin publikoak ez dira administrazioarenak, herritarronak dira, publiko hitzak ongi dioenez. Horregatik ireki ditugu ateak eta gardentasun osoz diogu, astebeteko Bizitza Da Handiena kanpainak iraun bitartean egongo garela hemen. Okupazio mugimenduarekin lan egiten duten abokatuek argi diotenez, polizia ezin da sartu eraikin hau desalojatzera 10 eguneko epean, eta beraz, gu 7 egun egongo garenez, argi jakinarazi nahi dugu sartuko balira legea hautsiko luketela eta azken xehetasuneraino dokumentatuko genukeela gertakaria. Horrezaz gain, gure eskubideen aurka, eraikin honetatik botatzea erabakiko balute, kanpaldia egingo genuke hiriko plazetan. Beraz, bi aldiz pentsatu dezatela egin behar dutena. Izan ere, Donostialdean Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzaz, burutu dituen azken hiru kaleratzeak legez kanpokoak izan dira eta Erregimenaren prentsak gertakari larri hauek ezkutatu baino ez ditu egin.