Udalak berriz aztertuko du zer egin Blas de Oteroko kirol kantxarekin
Gaur goizean ia mila sinadura eraman dituzte gurasoek udaletxera.
Egoera honen aurrean, Eneko Goiak adierazi du berriz aztertuko dutela zer egin Blas de Otero plazako kantxarekin: “Arazo bat daukagu, hori argi dago. Hirian askotan gertatzen den bezala interes kontrajarriak daude. Alde batetik, inguruko bizilagunena, niri etorri zitzaizkidanak. Haurrek egiten duten zaratagatik baino gehiago, haurrak ez direnek sortzen dituzten arazoengatik kexatu dira. Bestetik, kirol instalakuntzen beharra aldarrikatu dutenena”. Egia Bizirik auzo elkarteak udalarekin biltzeko eskaera egin duela esan du Goiak: “Hitz egingo dugu, eta saiatuko gara denen interesak uztartzen. Hori izango da erronka, beste kasu askotan bezala. Aztertu egin beharko dugu. Udal moduan konponbide egoki bat bilatzea egokitu zaigu. Prest gaude hitz egiteko eta konponbideak bilatzeko”.
Blas de Otero plazako bizilagunen 300 sinadura inguru jaso ondoren, udalak joan den astean iragarri zuen gune hori lekuz aldatuko zuela, Manteora. Egia Bizirik auzo elkarteak eta auzoko hainbat guraso, ordea, erabaki horren aurka agertu dira.