Porfi Fisac, gaur goizeko prentsaurrekoan. (Argazkia: GBC)
Porfi Fisac ez da GBCko entrenatzailea izango aurrerantzean. Betetzeko zituen helburuak lortu dituela esan du Segoviakoak, goizean emandako prentsaurrekoan: klubaren, taldearen eta zaleen egoera aldatzea. Beregan izandako konfiantza eskertu die Nekane Arzallus presidenteari eta Miguel Santos ohorezko presidenteari, baita ere, bide batez, zaleei eta jokalariei, eta goraipatu egin ditu berarekin lan egin duten guztiak: “Historikoa izan da talde honek azken bi denboraldietan egin duena, talde teknikoak egin duena eta klubak eta zaleek egin dutena, denek elkarrekin eta familia baten moduan”.
2015eko abenduan iritsi zen taldera Fisac, eta taldea ACBra igo zuen aurreko denboraldian. Aurretik ere egon zen klubean, 2004 eta 2008 urteen arteko denboraldietan.