Irutxuloko Hitzako lan-taldea Ametzagaña kaleko egoitza berrian. (Argazkia: Joxerra Mikeo)
Hiriaren gain batetik bestera aldatu du Irutxuloko Hitzak egoitza, Aietetik Egiara, hain zuzen. Katalina Eleizegi kalea utzi, Irutxulo gurutzatu, eta Ametzagaña kalera aldatu da tokiko hedabidea.
Irutxuloko Hitzarentzat hilabete garrantzitsua izan da maiatza, izan ere, Aieteko Katalina Eleizegi kaleko egoitza utzi, eta garai berri bat hasi dute hedabideko kideek Egian, Ametzagainako 19. zenbakiko etxabeetan. Joxemi Zumalabe Fundazioarekin eta Egia Bizirik auzo elkartearekin partekatuko dute egoitza berria, eta bost kazetarirentzako, publizitaterako eta diseinu lanak egiteko lekua izango dute.
Pasa den ostiralean bukatu zituzten Aieteko lokaleko hustuketa lanak, eta pasa den asteko astelehenean, hilaren 21ean, hasi ziren lanean bulego berrian. Donostiako tokiko hedabidearentzat aldaketa urtea izango da 2018a, amets berriei heltzeko urtea, alegia: egoitza aldatzeaz gain, webgunea berritu eta astekariaren formatua eta diseinua aldatuko ditu.
Lokala, auzora begira
Egiaren bihotzean dagoen Iruresoro plazara –edo auzotarrek dioten bezala, Plaza Berrira– ematen duten lehioetatik sartzen da lokal osoa bustitzen duen argia. Ametzagaña kaleko 19. zenbakiko atarian sartu, eta parez pare dagoen atean topatuko dute Irutxuloko Hitzako erredakzioa aurkitu nahi duten guztiek.
Atea gurutzatu eta eskailerak jaitsita, kristalezko paretaz bereiztutako bost gela handi aurki daitezke. Horietako bi donostiako hedabidearen lan-taldeak okupatuko ditu hemendik aurrera. Hirugarren bat Egia Bizirik auzo elkarteak, eta laugarrena Joxemi Zumalabe fundazioko kideek erabiliko dute. Bostgarrena, aldiz, lokala partekatuko duten kide guztiek erabiliko dute, bilerak egiteko edo topaleku gisa.
Historia oparoko lokala
1959. urtean egin zuten Ametzagaña kalearen eta Iruresoro plazaren artean dagoen eraikin-sorta. Karlos Trenor Dicenta abokatuen Egia Kolektiboko kidea da, eta Ametzagañako 17. zenbakian daukate egoitza. Bere esanetan, Iruretagoiena eta Dorronsoro enpresek izan zuten inguruetako eraikuntzak egiteko ardura, eta bi izenen elkarketaren ondorioa omen da plazaren izena. Eraiki zenetik gaur arte, pertsona, talde eta eragile ugari pasa dira espazio honetatik, eta kalearen 17. zenbakitik 21.era doazen etxabeen antolaketa ere asko aldatzen joan da hamarkada hauetan.
Lokalaren gaineko etxebizitzetako batean bizi da Trinidad Poyo Delgado. Gogora ekarri du auzoko bi parrokietako bat, Maria Reina, izan zela etxabeak kudeatu zituen lehena. Trenorren arabera, lokalek funtzio soziala izan behar zutenez, Elizari eman zitzaizkion. 17. zenbakiko eremuan lau moja bizi izan zirela gogoratzen du Poyok: «Lokalaren zati bat atondu zuten, mojentzat etxebizitzak egiteko». Vivo anaia erlijiosoak izan ziren, mojen laguntzaz eta parrokiaren izenean, espazioa kudeatzen zutenak. Parrokia ez zegoen eraikita oraindik eta Ametzagaña kaleko gunea erabiltzeaz gain, gaur egun jubilatu eta pentsionisten Txoko-Berri elkarteak duen lokala kapera gisa zeukaten. Enrique Vivo, Maria Reinako parrokoa zen garai hartan, eta orain Irutxuloko Hitzak erabiltzen duen etxabeetan zeukan parrokia-bulegoa. Poyok dio bi edo hiru gizon arduratzen zirela espazioaren mantenuaz. «Joskintza eta sukaldaritza ikastaroak antolatzen ziren auzotarrentzat eta euskal dantzak egiteko arropak egiten genituen bertan», jarraitu du Poyok. Maria Reinako Danborradak ere eraikinaren etxabeetan izan zituen hastapenak.
Trenorrek eta Poyok baieztatu dutenez, Egiako bizilagunen eskariz, «liburutegia eta ehun eserleku inguruko kultur areto bat» eraiki zuten, zinema funtzioa bete zuena. «Auzotarrok oso pozik geunden aretoarekin, eta asko erabili zen», esan du Poyok. Filmak proiektatzeaz gain, hitzaldiak, antzerkia, tertuliak eta eztabaidak ere antolatzen zirela gogoratu du Trenorrek: «parrokiak kudeatzen zuen, baina auzotarrei oso irekia zegoen». Kalearen 21. zenbakiko zatian, mekanika arloko formakuntza profesionaleko eskola bat ere egon zela aipatu du Trenorrek: «Goiko aldean ikasgelak zeuden, eta gaur egun Cactus taberna dagoen zatian, praktikak egiteko makinak».
70ko hamarkadaren amaieran, «parrokiak baino gehiago, Maria Reinako guraso elkarteak zeukan lokalen kudeaketaren ardura», dio Trenorrek. 1977an, Ametzagaña kalearen amaieran eraiki zuten gaur egungo parrokia, eta dirua behar zutenez, zati batzuk saldu egin zituzten. «Auzotik kartoiak eta paperak biltzen ibiltzen ginen, eliza eraiki ahal izateko dirua behar zen eta», gogoratzen du Poyok.
Aire berriak
1979an, Egia Kolektiboko abokatuek hartu zuten 17. atariko zatia; «Gladysen erailketaren urtean iritsi ginen, eta horren harira egin genituen lehen lanak lokal honetan». Inasmet ikerketa-enpresak erosi zuen 19ko etxabea, eta baita gaur egun Auto-moto Egia izena duen motorren dendaren lokala ere bai. «Guk apur bat konpondu genuen gure zatia, oraindik mojen gelak zeudelako», dio Trenorrek, «eta Inasmetekoak lanean hasi zirenean bunba-bunba zaratak entzuten genituen, materialen erresistentzia frogak egiten zituztelako». Insametekoei lokala txiki gelditu zitzaien eta lekuz aldatu behar izan zuten. Orduan, 80ko hamarkadaren hasieran, Egia Kolektibokoek euren bulegoa handitzeko aukera aprobetxatu zuten, eta ondoko zatian (egun, Irutxuloko Hitzaren eta Naidoki arkitektoen zatia) Argia aldizkariaren lan-taldea sartu zen.
1980an Zeruko Argiaren jabetza astekaria egiten zuten langileen esku utzi zuten kaputxinoek, eta hauek, bide erlijiosoa guztiz baztertu zuten. Gaur egun Kata tabernaren ondoko etxabe batera aldatu ziren, eta ondoren Ametzagaña kalera. «Argiakoekin, haien artean Joxemi Zumalabe, Pello Zubiria eta Josu Landa, oso harreman ona genuen», azaldu du Trenorrek, eta bi lokalak komunikatuta zeudenez «alde batetik bestera ibiltzen ginen, fotokopiak eta informazioa partekatuz». Ekonomikoki urte zailak izan ziren aldizkariarentzat, baina baliabideak urriak izan arren, Argiako langileek proiektu eta amets ugari gauzatu zituzten Egiako lokalean. Haien artean, Apika informatika-aldizkaria (1984), eta Antza inprimategia (1988) zeuden, eta hauen jardunari esker lortu zuten aldizkaria finantzatzea.
Horrez gain, arazo ekonomikoei buelta ematea lortu zutenean, euskarazko prentsaren aldeko apustua egin, eta Euskaldunon Egunkaria sortzeko erronkari heldu zioten. Abokatuaren iritziz, «jende ona eta langilea» zirelako lortu zituzten helburuak: «Ez zuten ordutegirik ezagutzen, eta oso idazle onak ziren». Lan horretan aritu ziren jo eta su hurrengo urteetan, eta 1990eko urtarrilean Egunkaria Sortzen egitasmoa jarri zuten abian, bazkideak bilatu eta dirua lortzeko. 1990ko abenduan atera zen egunkariaren lehen zenbakia. Garai bertsuan, Argiari lokala txikia gelditu zitzaionez, Lasartera aldatu zuten erredakzioa eta Mundaizera Antza inprimategia.
1996an, Joxemi Zumalabe hil eta hiru urtera, bere izena daraman fundazioa sortu zuten lokalean zebiltzanen artean. Herri mugimenduak bultzatzeko helburua du: «Gurekin lana egiten zuen kide batek herentzia jaso zuen, eta dirurik nahi ez zuenez, dena utzi zuen proiekturako», gogoratzen du Trenorrek. Fundazioak lokala erosi zuen, eta Euskal Memoria Fundazioak izan du errentan orain arte.
Bizilagun apartak
Irutxuloko Hitza ez da bakarrik egongo, lekua Egia Bizirik auzo elkartearearekin eta Joxemi Zumalabe fundazioarekin partekatuko du eta.
Egia Bizirik auzo elkarteak 2000. urtetik darama auzotarren aldarrikapenak eta beharrak bideratzen. Auzo duinago baten alde borrokatzen du. Lola Calvo Romero elkarteko kidearen arabera, hilabeteko lehen eta hirugarren asteartean elkartu ohi dira, 19:00etan. Orain arte, udalak Egiako Kultur Etxean utzitako gela batean egiten zituzten bilerak, baina «elkartearentzat ez zen oso erosoa», Calvoren esanetan.
Kultur etxeko gelaren erabilpen arauek asko mugatzen zuten elkartearen jarduna, izan ere, «ikasturte hasieran egutegia eta ordutegia finkatzeko eskatzen ziguten, eta beti ibili behar ginen ordutegiaren menpe». Kultur etxearen ordutegietara ere moldatu behar ziren, eta «ustekaberen bat» edo hitzartutako ordutegitik kanpo biltzeko beharra suertatuz gero «kalean edo taberna batean bildu behar ginen», keixu da Calvo.
Biltzeko toki berriak begiratzen hasi, eta Ametzagañako 19.zenbakiko lokalaren berri izan zuten. «Oso ideia ona iruditu zitzaigun lokala partekatzea, edozein arazo izanez gero, jende artean errazagoa delako konpontzea», baieztatu du Calvok. Pozik daude, gainera, kokaleku berria auzotarrentzat irisgarriagoa delako, eta horrek bizilagunen beharretara errazago iristea ahalbidetuko duelako. «Lokal aldaketa jende gehiagorengana iristeko aukera ona da», dio Calvok.
Joxemi Zumalabe fundazioak bere hastapenetatik izan du harremana Ametzagaña kaleko etxabeekin, eta horrela izaten jarraituko du orain ere, lokaleko gela bat erabiltzen jarraituko dute eta.
Lokala aldatzearekin batera, aro berri bat hasi du Irutxulo Hitzak Egia auzoan. Ilusioz eta indarrez, hiriko muino batetik bestera salto eginez, ametsak konkistatzen jarraituko dute Ametzagaña kalean.
Lokal berriaren inaugurazioa ekainaren 22an egingo dute Irutxuloko Hitzakoek. Lehenik, arratsaldeko sei eta erdietan luntxa egingo dute erredakzioan, eta ondoren, Le Bukowski tabernan jarraituko dute festa. Beñat Sarasolak poesia errezitaldia egingo du, eta Nerea Arriolak bakarrizketa. Amaitzeko, Physis versus Pelaxen kontzertua entzun ahal izango dute bertaratzen direnek.
Hiriko hainbat auzo ezagutu ditu aldizkariak
Hamairu urte pasa dira Irutxuloko Hitzak lehen zenbakia atera zuenetik. Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Euskarazko Komunikazio Taldeak eta hiriko hainbat gizarte eragilek elkarrekin sortutako enpresak atera zuen aurrera proiektua, Donostiako euskarazko komunikazio esparruak bultzada berri baten beharra zuela ikusita. Irutxulo aldizkariak hamar urte bete zituenean, haren lekukoa hartu zuen Irutxuloko Hitzak, eta garai horretan, 2005 urtean, Katalina Eleizegi kalean zuen egoitza hedabideak.
Hala ere, aurretik, hiriko beste hainbat auzotan ere izan zuen erredakzioa aldizkariak, esaterako, Parte Zaharreko San Juan kalean. Amarako Pedro Egaña kalean ere egon ziren Irutxulokoak, Bagera euskaltzaleen elkartearekin batera.
Ondoren, Katalina Eleizegi kaleko 36 zenbakiko etxabeetara aldatu zuten erredakzioa, Donostiako Udalak irabazi asmorik gabeko erakundeei uzten dien lokaletako batera. Irutxuloko Hitzak Aieteko lokalean egin ditu bere bizitzako lehen urteak, Gaztezulo aldizkariko lan-taldearekin espazioa partekatuz. Garai berri bat hasiko du Egia auzoko Ametzagaña kalean.