Gure Esku Dago: "Herri honek beti erantzun du ondo, eta erantzungo du"
Loren Roca eta Ibon Rosales, Gure esku dago dinamikako kideak.
Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu igandeko giza kateak; 201,9 kilometroko sarean, 100.000 lagun mobilizatzea espero dute.
Loren Roca eta Ibon Rosales Gure Esku Dagoren Donostiako kideak dira, eta ziur daude igandeko giza katea arrakastatsua izango dela, bai Donostian bai bere osotasunean ere. Donostiarrek antolakuntzarako euren laguntza eta borondate guztia jarri dutela diote, eta 2.000 laguneko gutxieneko kopurua erraz gaindituko dutela. Giza katea 12:00etatik 12:30era izango da, baina egun osoan egongo dira jarduerak [Egitarau osoa, Agendako 14. orrialdean]. Zein unetan dator igandeko giza katea? Loren Roca (L.R.): Gure Esku Dagoren aldetik beste urrats bat egin behar zen, eta hori da Herritarron Ituna. Herritarron Itunean, herritarrek gure erabakitzeko arrazoiak ematen ditugu, eta gero Herri Ituna dator, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera igarotzeko. Horrekin lotuta ikusten genuen mahaian kolpe bat eman behar genuela, eta zein da Gure Esku Dagoren ezaugarri nagusia? Giza katea. Giza kate batekin jaio zen, eta denok ezagutzen dugu horregatik. Bigarren Giza katearekin indarra emango diogu Herri Itun horri. Ibon Rosales (I. R.): Ez da nolanahi sortutako ekintza bat. Pausoak izan dira ehundu, adostu eta gauzatu. Giza katearekin hasi ginen, oihalekin gizartea ehundu genuen, eta era batera gure artean zeuden harresiak apurtu genituen. Galdeketak ere egin ditugu herri askotan, eta jendeak jakin du zer den botoa ematea. Hurrengo pausoa da gure gainetik daudenei esatea hemen herria prest dagoela, ideiak garbi dituela. Herri Itunean bere arrazoiak idatzi ditu eta sinbolikoki 2019 arrazoi horiek eramango ditugu giza-katearekin Gasteizko parlamentura. Giza kateak hiru hiriburuak batuko ditu, ezta? L.R.: Bai. Geografikoko Euskal Autonomi Erkidegoan kokatua egongo da, baina nazio mailako ekintza da. EAEko parlamentuan badago eztabaida estatutu berriaren inguruan, eta uste dugu hor dagoela aukerarik onena. I. R.: Gero asmoa dugu Nafarroako parlamentura eta Ipar Euskal Herriko departamentu berrira ere eramateko dokumentua. Hori landu eta etor daitezkeen ekarpenekin aurrerapausoak eskatzen ari gara. Ez da ekintza sinboliko hutsean geratuko. Kontsulta finkoa eta erabakigarria egitea nahi dugu. Nolakoa izango da giza katea bere osotasunean? I. R.: Giza katea beste mugarri bat izango da Gure Esku Dagoren ibilbidean. Ez da txantxetako gauza, jende asko mugituko da. 201,9 kilometro izango ditu guztira, eta kontuan hartzekoa izango da. Donostian nondik nora joango da giza katea? I. R.: Donostiako zatiak zortzi kilometro izango ditu, Bulebarretik Añorgaraino. Bulebarretik Kontxa pasealekura joango da, eta handik, Antigua, Ibaeta eta Añorga-Rekaldera. Ondoren, Bilborako bidea hartuko du. Donostiako kilometroak donostiarrek eta Igeldo herrikoek beteko dituzte. Kilometro bakoitza auzoka antolatu dugu. Jendeari dei egiten diogu bere auzoari dagokion kilometrora joateko. L.R.: Lehenengo bi kilometroak bereziak izango dira, aldarri zehatz batzuk egongo direlako. Udaletxearen aurrean, Ijentea kalean, pentsionistak egongo dira; Donostiako Atletikoren lokalaren parean, mugimendu feministakoak jarriko dira, bandera eta besoko moreekin; ondoren, gazteak ere egongo dira, The Joselontxos txarangarekin. Metroaren aurkakoak ere elkartuko dira… I. R.: Hori da, giza kateak batzen gaitu erabakitzeko eskubidearen inguruan, baina bakoitza bere aldarriekin joango da. Kultura munduko lagun askok erromeria moduko bat egingo dute bigarren kilometroan. Parte hartu nahi duenak zer egin behar du? I. R.: Auzo bakoitzean izena emateko aukera jarri dugu, baita gure webgunearen bidez ere. Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da. Inor ez dadila etxean geratu izenik eman ez duelako, giza-katea osatzea da garrantzitsuena. Aurreko giza katean, Donostiatik Sakana aldera joan behar ginen guztiak, eta jendeak ardura gehiagorekin jokatu zuen. Orain, oso gertu ikusten dute, eta ez dutenez inongo arazorik agertzeko, lasaiago hartu dute. Zer espero duzue? L.R.: Gutxienez 2.000 lagun behar ditugu, baina hori erraz gaindituko dugu, jendetzak parte hartuko du Donostiako zatian. Ni konbentzitua nago oso indartsua izango dela. Herri honek beti erantzun du ondo, eta erantzungo du. Gure kezka nagusia da jende guztia erdialdeko kilometroetan elkartzea. Gure lana izango da jendea zabaltzea, kilometro guztiak osatzeko. I. R.: Nik behintzat Antiguako jendearekin hitz egiten dut, eta askok esan didate joango direla. Ikusten dugu askok ez dutela izena eman, baina jakinaren gainean daude, eta joateko asmoa dute. Lehen giza katean Donostiako ia 8.000 lagun joan ginen Sakanara, eta orain errazagoa izango dute. Gainera, Donostian abendutik hona lan handia egin dugu galdeketarako sinadurak biltzeko, eta ikusten dugu jende askok bat egiten duela gurekin. Eguraldi txarrarekin ere jendea animatzea espero dugu. Oso pozik gaude, bakoitzak bere erantzukizunak hartu dituelako. Kilometro bakoitza auzo bat edo batzuentzat Gure Esku Dagoren giza katean parte hartzeko komeni da aurrez izena ematea. Hala ere, antolatzaileek azpimarratu dute garrantzitsuena izango dela kilometroak betetzea, beraz, egunean bertan azaltzera animatu dute jendea. Donostiatik Bilborako bidea hartuko du kateak, eta donostiarrek Lasarteko bizilagunei emango diete eskua, Añorga inguruan. Donostiako bizilagunak honela banatuko dira kilometroz kilometro: 1. Parte Zaharra. 2. Erdialdea, Amara, Morlans. 3. Antigua. 4. Ibaeta, Igeldo, Antigua. 5. Aiete, Amara Berri 6. Añorga, Loiola, Martutene. 7. Bidebieta, Gros, Ulia. 8. Altza, Egia, Intxaurrondo.