BelartZAD deitutako eremua.
Belartza II ingurua merkataritza saltoki handien gune bihurtu nahi dutela eta, ekintza zuzenaren aldeko hautua egin dute hainbat lagunek, okupazioaren bidez.
Añorgako Firestoneko lagunak ez daude geldik egoteko moduan, eta lantoki zaharra okupatzeaz gain, erresistentzia gune bat sortu dute Belartzan, industria gunea zabaldu nahi dutela eta: «Urrian sartu ginen, eta baserri zahar baten hondarrak okupatu genituen, Belartza Goikoan». Azpiegitura sortzen ari dira, eta bizilagunekin harreman estuagoa sortzea dute helburu. Orain indar handiagoa dutenez, publiko egitea erabaki dute: «Orain da momentua benetan prestatzeko, herri edo ZAD eremuaren –Bretainiako ZAD Babestu Beharreko Gunea– itxura hartzen ari da. Horregatik deitzen diogu BelartZAD».
Aurrera begira datorrena nahiko baikor ikusten dute: «Elkarlanean gabiltza Belartza 2 Gelditu plataformarekin. Beraiek borroka instituzionalean dabiltza gehiago, beste aukera berri batzuk sortu zaizkie, eta prozesua luzatu dute. Eskaintza komertziala izugarri hazten ari da inguruan eta ez dugu beharrezkotzat jotzen 200.000 metro koadroko beste gune bat». Eraikuntza enpresek, ordea, aspaldi erosi zituzten lurrak eta lanerako prest daude: «Eraikuntza enpresak badaki hasieratik gu hor gaudela eta ez du salaketarik jarri, ez delako sentitzen mehatxatua. Konfiantza dugu gutxienez oztopatuko dugula eta ea gelditzea ere lortzen dugun». Azken batean, proiektuaren aurka azaltzeko ekintza zuzena erabiltzen jarraituko dutela argi dute eta euren filosofia zabalduko dutela: «Guk nahi dugun ereduaren alde borrokatuko dugu: iraunkorra, kolektiboa…».
Aman Komunak mugimenduan sartuak daude orain Fireseko lagunak: «Notre Dame des Landeseko gunean sortu zen saretzearen ideia, eta duela urtebete egin genuen lehen topaketa Errekaleorren, eta aurrera jarraitzea erabaki genuen». Horrela, Euskal Herriko hainbat okupazio guneetako lagunak elkartu eta saretzen ari dira, eta helburuak ere zehaztu dituzte: herri mugimenduen autodefentsa, elkartasuna, eta harremanak sendotzea.
Topaketak hiru hilabetean behin egiten dituzte, asteburuetan, lehenengo eguna erabiltzen dute auzolanerako, eta bigarrenean asanblada egiten dute. Hainbat lantalde sortu dituzte, talde bat osatzen ari da mapa bat Euskal Herriko herri mugimenduekin, beste batzuk auzolanez arduratzen dira, topaketen aurretik beharrak badaude espazioetara jotzeko, eta komunikazio lantaldea ere badute. Laugarren topaketa izango da Añorgan egingo dutena asteburu honetan, eta ilusioz daude. Larunbatean Firestonen gosaldu eta BelartZADen egingo dute auzolana. Gunean bertan lo egiteko asmoa dute, eta igandean Firestonen egingo dute asanblada.
Topaketek laguntzen dietela diote: «Sistema honek askotan jan egiten zaitu eta batzutan uste duzu zure ingurukoak bakarrik ari direla ideia hauengatik borrokan. Topaketekin ikusten dugu jende gehiago dabilela horrela eta indarra ematen digute. Zein baliabide ditugun jakin dugu eta antzeko proiektuak ezagutu ditugu».
Hiru urte Firestonen
Hiru urte dira hainbat gaztek okupatu zutela Añorgako Firestoneren egoitza abandonatua. Lantegia berreskuratu eta berreskuratu egin dute bitarte honetan: «Proiektuak aldaketa pila bat izan ditu, pertsonen joan etorriak, eta oraindik ere aldaketa potoloak etorriko dira. Saiakerak egiten ari gara proiektua ahalik eta horizontalena izateko. Berrogei pertsonen artean oreka bat egoteko lanean ari gara proiektuak eskaitzen diguna eta guk eskaintzen diogunaren artean».
Urtebete eta gehiagoz, esaterako, bigarren eskuko azoka egin zuten, hilabete bakoitzeko bigarren igandean. «Hasieran erantzun ona jaso genuen, baina arrakasta galdu zuen. Esfortzu handia eskatzen zuen eta utzi egin genuen. Fires Eguna egiten hasi ginen gero, eta horrela ibili gara gauzak probatzen».
Barne mailan, autonomikoki funtzionatzen duten lantegi asko dituzte: denentzako ogia egiteko okindegia, antzerki taldea eta jostun tailerra. Horretaz gain, doako denda, liburutegia eta metal eta egurra lantzeko tailerrak, eta tailer mekanikoa dituzte denen eskura: «Edariak egiten ere hasi ginen, garagardoa, txanpaina, eta aurten lehen aldiz sagardoa egingo dugu». Azken batean, Fires (beraiek deitzen dioten moduan) inguruan mugitzen den jende gehiena beste okupazio batzuetan bizi da: «Sostengua dago hemen. Garbigailua eta lehorgailua, adibidez, denek erabiltzen ditugu».
Auzoarekin duten harremanaren inguruan, ez dela erraza diote: «Okupazioa izatea ez da erraza. Batzuek begi onez ikusten badute ere, ez dira hurbiltzera ausartzen, beti dago hesi bat». Edonola, okupazioko lagunek auzoko jardueretan parte hartzen dutela diote: «Norbanako gisa parte hartzen dugu auzo elkartean eta elkarteetan».