Izarne Zelaia: 'Lehentasunetan bego'
Irrati esataria kirol talde batzuen izenak aipatzen ari zela, nire buruari galdetu diot emakume edo gizonen taldeez ariko zen. Zehaztu ez duenerako, gizonez ariko zela ondorioztatu dut. Eta hara! Asmatu dut. Jarraian “eta emakumezkoetan…” esan baitu. Emakumeak, atzetik bereizita, berezi.
Egoera honek pasa den asteburuan jatetxe batean bizitakoa gogorarazi dit: karta ekarri zidatenean, lehen begiratuan gazteleraz irakurtzen hasi nintzen, jarraian euskarazko bertsioa zekarrela konturatu nintzen arte. Baina euskaldun guztiok ulertzen dugunez, euskarazkora iristerako irakurria izaten dugu erdarazkoa. Oraingo honetan euskara, atzetik bereizita, berezi.
Emakumezkoen kirol atalera itzultzen bagara, antzeko egoera batean aurkitzen garela esango nuke. Izan ere, berdin esan genezake emakumeek ikusgarritasuna galtzen dutela gizonezko talde ezagunen emaitzak esan ostean aipatzen direnean. Hau da, norberak interes berezi bat jarri ezean, emakumeak gizonen atzetik eta euskara erdaren atzetik geratzen direla. Beste era batera esateko, norma, orokortasuna, gizonezkoa eta erdalduna dela, alegia.
Orokortasun horretan nabarmendu eta ezagutarazteko, emakumeei lehentasuna ematea ezinbestekoa da. Azken asteotan, adibidez, erabat ezezagun nituen bi izen ikasi ditut: Maite Ruiz de Larramendi, beste sari askoren artean 7 mundialetan dominak irabazitako pilotaria, 44 urterekin selekzioa uztera doana batetik. Eta Irene Paredes, Paris Saint-Germain taldeko 26 urteko futbolari profesionala eta munduko hamaikako oneneko kide izendatu dutena bestetik. Erreferentziak baditugu. Ezagutaraztea da falta dena.
Eta erreferentziez ari naizela, Donostiara datorkit gogoa. Utzi gaituenetik aste bete pasa den honetan lehentasuna eman nahiko nioke emakume handi bati: Bego Etxebarria, euskaltzale militantea. Jaiotzez gernikarra, baina Donostiar sentitzen genuena; bizitza kolektibo baten baitan ulertzen zuena. Euskalgintzaren inguruan ezagutu banuen ere, bere lagun min bati galdetu diot zein taldetan aritu izan zen Bego. Zerrenda amaiezina da, bere konpromisoa zen bezalaxe: frankismo garaian klandestinitatean aritu zen langileen komiteetan, Herri Batasunan eta ezker abertzaleko antolakuntza desberdinetan ere ibili izan zen. Mugimendu sozialei dagokienez, Euskal Herrian Euskarazen eta Amnistiaren aldeko mugimenduan aritu izan zen, besteak beste. Eta azken boladan, Bagera euskaltzaleen elkartean, Ikasbide elkarteko eta Donostiako kantu jiran, Amarako ezker abertzalean, elkarrizketa filosofikoetan… zerrendak ez du etenik. Sendiak antolatu zuen azken agurrean bere anaiak hala esan zuen: “Halakoxea zen Bego, eta ez genion aldatzeko eskatu, alperrik izango zen…”. Irribarre bat erauzi zigun bertaratutako guztioi. Eskerrak halakoxea zen, bai. Izaera sendokoa, injustizien aurrean lanerako prest zegoena, eta babesa eta gertutasuna azaltzeko erreparorik gabea. Amesten zuen Euskal Herria lortzeko bidean ale ederra utzi du. Ezin genezake esan, beraz, ezagutzera emateko moduko eredurik ez dugunik. Mila esker, Bego.