Arraun Lagunakek berritasun ugari ekarri ditu: bigarren trainerua, itxura grafiko berria, diseinuzko kamiseta... Aldaketa hauek guztiak urte arrakastatsu batekin osatu nahi dituzte.
![Arraun Lagunakeko aurraunlariak, kamiseta berriarekin, denboraldiaren aurkezpen ekitaldian. (Argazkia: Arraun Lagunak)](http://irutxulo.hitza.eus/site/files/2018/06/123.jpg)
Arraun Lagunakeko aurraunlariak, kamiseta berriarekin, denboraldiaren aurkezpen ekitaldian. (Argazkia: Arraun Lagunak)
Hilabete hasieran Arraun Lagunakek datorren denboraldiaren aurkezpen ekitaldia egin zuen kaian, erabateko itxuraldaketarekin. Bertan aurkeztutako berritasunen artean Iriyarena traineruarena izan zen nabarmenena. Klubak bigarren ontzi bat erosi ahal izateko crowdfunding kanpaina abiatu zuen iazko udaran, eta bi hilabeteko epean 5.041 euro bildu zituen. Donostiarren laguntza hori eskertzeko asmoz jarri diote
Iriyarena izena traineruari, danborradako martxetako baten izena ere badela aprobetxatuz.
Baina, horrez gain, taldeak beste berrikuntza garrantzitsu batzuk aurkeztu ditu ere azken egunetan, hala nola, arraunlariek estropadetan eramango duten elastiko berriarena. Iraia Oiartzabal diseinatzaile pasaitarra arduratu da arraunlarien jantzia berritzeaz, eta emaitzak oso harrera ona izan du klubean. «Diseinuak harritu egin ninduen hasieran, ohikoa ez delako, baina desberdintasun horrengatik are gehiago gustatzen zait orain», esan du Iriarte entrenatzaileak.
Oiartzabalek ilusioz jaso zuen Arraun Lagunaken elastiko berriak diseinatzeko eskaera, arraun zalea izateaz gain, neskez osaturiko kirol talde baten lana sustatzea oso garrantzitsua iruditzen zaiolako. Taldeko arraunlarien elkarlana irudikatzeko erabakia hartu zuen, klubaren betiko koloreetan oinarrituta.
«Arraunean, indibiduoa ezinbestekoa den arren, garrantzi handiena duena taldearen osotasuna da. Ur tantak erabiliz egin dut monoaren diseinua, baturik itsasoa osatu dezaketela irudikatzeko», Oiartzabalen hitzetan.
Era berean, Move Branding enpresa donostiarra klubaren itxura berritze grafikoa egiteaz arduratu da, Arraun Lagunaken eraldaketa erabatekoa izan dadin. Prozesu horren emaitza nabarmenena logo berria izan da, erdian arraun bat duen A letra batekin irudikatua.