Mikel Laboaren omenezko gau ahaztezina
Antiguako frontoia txiki geratu zen ostiral gauean. Ehunka lagun bildu ziren ‘Mikel Laboaren adaxka gazteak’ ikuskizunaz gozatzeko eta musikari donostiarra omentzeko. Izan ere, hamar urte bete dira Laboa hil zela, eta Antiguotarrak elkarteak eta dantza taldeak ekitaldi berezia egin dute hura gogoan. Ez da lehen aldia, 2009an, Laboa hil eta urtebetera, jaialdi hunkigarria egin zuten leku berean.
Xendarineko ahizpekin hasi zen jaialdia. Negu hurbilak eta Ihesa zilegi balitz abestiak kantatu zituzten erabat a capella. Jurgi Ekiza gitarrarekin igo zen taula gainera, Ama eta Gaztetasuna eta zahartasuna interpretatzeko. Olatz Salvador musikari donostiarrak Lili bat eta Gure bazterrak kantatu zituen. Pettik Sorterriko koplak eta Martxa baten lehen notak jo zituen. Zigor DZ DJak Kantuz eta Liluraren kontra abestien nahasketak egin zituen. Beñat Antxustegi, Unai Pelayo Pelax eta Iñigo Ozaetak Gure Oroitzapenak eta Oi Pello Pello kantatu zituzten. Bukatzeko, Mursegok Laboa, Violeta Parra eta Enrique Morenteren doinuak nahastu zituen.