
Bidebietako Marea Horiak hezkuntza publikoaren alde egindako agerraldi bat. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Ezustean harrapatu ditu Bidebieta Institutoko langileak Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak egindako adierazpenak: Bidebietako institutuak Amara Berri ereduarekin irekita jarraituko duela baieztatu zuen astelehenean Uriartek. Bidebietako Institutuko zuzendari berria, Jabier Lopez Goenaga, pozik agertu da erabakiarekin, baina baieztatu du eskaera eta behar asko kolokan daudela oraindik. Bigarren aldia da institutuaren etorkizunaren aldeko defentsako “prozesu luzean” prentsaren bitartez erabaki garrantzitsuen berri izaten dutela institutukoek.
2017ko azaroan jakinarazi zuen Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Bidebietako Institutuaren itxiera, matrikulazioen kopuruaren jaitsiera argudiatuta. Auzotarrek, institutuko langileek eta gurasoek osatutako taldeak institutua irekita mantentzeko aukerak aztertzen hasi zen orduan. 2018ko urtarrilean datorren ikasturterako
matrikulazio kanpaina martxan zegoela jakinarazi zuen Marea Horiak taldeak, baina nahikoa ez zela ohartarazi zuten.
Lopezek gogoratu du Uriarte sailburuak bi baldintza jarri zituela Jaurlaritzak institutua irekita mantentzeko apustua egin zezan: alde batetik, irakasle eta auzotarren inplikazioa, eta bestetik, heziketa-sistema berritzaile baten ezarpena. Pozik daudela baieztatu du zuzendari berriak eta egin duten lanarekiko konfiantza adierazpen gisa ulertzen du Uriartek komunikatutako erabakia, baina honako galdera azaldu du, Jaurlaritzak izango duen jarreraren inguruan: “bi baldintzak bete ditugu, eta orain, zeintzuk dira emango dituzten pausuak?”.
Amara Berri sistema ezartzeko eskaerak
Gogor egin dute lan auzotarrek eta irakasleek konponbide bat aurkitzeko, eta azkenik, institutuan Amara Berri eredua ezartzeko erabakia hartu dute. “Hausnarketa prozesu paraleloa” izan dela dio Lopezek, Jaurlaritzak eta institutuko irakasle-taldeak egin duena, izan ere, harrigarria iruditzen zaio bi aldeek proposamen berdina egin izana. “Oso albiste ona” dela baieztatu du zuzendariak, baina
inplikazio gehiago eskatu die Lakuakoei; honakoa gaineratu du: “guk dena eman dugu institutua salbatzeko, baina indar gehiago behar dugu”.
Bide horretan, atzo, ekainaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean eskaera bat aurkeztu zutela azaldu du Lopezek, giza baliabideak handitzeko eskatuz. “Lan handia dugu aurretik, denbora gutxian egin beharrekoa gainera, eta ez dugu indar nahikoa”, baieztatu du zuzendariak.
Amara Berri sistema bigarren hezkuntzan ezarriko duen estatuko lehen zentroa dela gogorarazi du, eta horrek ardura handia eta dedikazio osoa eskatzen duela. “Sistema berri bat hasieratik bigarren hezkuntzara moldatzea lan handia da, material guztia sortu eta eskola guztia moldatu behar delako”, azaldu du zuzendari berriak. Hori aurrera eramateko,
bi irakasle liberatzeko eskakizuna egin diote Hezkuntza Sailari.
Amara Berri eskolako zuzendaritza eta irakasleekin ere hasi dira harremanetan, hezkuntza-sistemaren moldaketa antolatzen hasteko. “Bilera orokorrak egin ditugu zuzendaritzarekin, eta irakasgai bakoitzaren materiala prestatzeko bilera zehatzak ditugu aurreikusita”, azaldu du Lopezek. Amara Berrikoen inplikazioa handia dela gaineratu du, izan ere, askok baieztatu izan dute sistema bigarren hau hezkuntzan aplikatzea ezinezkoa dela, baina Lopezek gogorarazten du “Amara Berrikoek beti egin dutela horren aldeko apustua”.
Eraikina eta instalazioen birmoldaketa
Itxieraren erabakia jakitera eman aurretik, institutuaren erabateko birmoldaketa proiektua zeukaten mahaigainean zentroko zuzendaritzak eta Hezkuntza Sailak. Alde batetik, eraikin eta instalazioen konponketa integrala egiteko asmoa zuten, institutuko eraikina “oso egoera txarrean” dagoelako, eta beste aldetik, DBH eta Batxilergoko ikasleak eraikin berdinean bateratzeko ideia zeukaten. Ikasturte honetan, DBHko laugarren mailakoak eta Batxilergoko ikasleak zeuden eraikin batean, eta DBHko gainontzeko mailatakoak beste batean. “Denak espazio berdinean bateratzea da asmoa, baina horretarako orain dauden baldintza fisikoak ez dira egokiak”, aitortzen du Lopezek.
Horrez gain, komunek ere erabateko aldaketa behar dute, izan ere, “komunak horren zaharrak dira, non apurtzen direnean ez dugun ordezko piezarik aurkitzen”, gaineratzen du zuzendari berriak. Gainera, jolastokiak ez du estaldurarik, eta euria egiten duenean ikasleak eraikinaren barruan egon behar dutela dio Lopezek. Eraikina inguratzen duten hesiek ere konponketa behar dute.
Birmoldaketaren proiektuak 1.800.000 euroko inbertsioa eskatzen bazuen ere, azkenik, 40.000 euroko diru-laguntza jaso dute. “Behar denaren %2,2a besterik ez da kopuru hori, eta horrekin, soilik, espazioaren moldaketa txiki bat egin dezakegu, falta diren DBHko ikasleak sartu daitezen”, kexu da Lopez. DBHko ikasleentzat gelak moldatuko dituzte, datorren ikasturtean sar daitezen, eta lanak uztailean hasiko dira.
Asteartean, ekainaren 26an, bilera deialdia egin dute, institutuan ezarriko den sistemaren inguruan bizilagunak informatzeko, eta baita orain arte DBHkoak zein ‘Eskola horiarekin’ zer gertatuko den erabakitzeko. Hitzordua 19:00etan jarri dute, ‘Eskola horian’.