Irudi berria du Irutxuloko Hitzak
Iragarri genuen moduan, 2018 aldaketa urtea izango da IRUTXULOKO HITZArentzat, eta pixkanaka aldaketa horien guztien berri ematen ari gara. Joan den hilabetean erredakzioa lekuz aldatuko genizuela kontatu genizuen. Ba oraingoan, irudi berria izango dugula aurreratuko dizuegu. Bulegoan, sare sozialetan eta Irutxuloko Hitzaren sare sozialetan hasiko gara erakusten irudi berria. Laster webgunean eta astekarian ere izango du eragina irudi aldaketak. Irudi berria, eta lelo berria izango dugu: Horra zen den gure Donostia! Donostiako martxa hartu dugu abiapuntu gisa, uste dugulako esaldiak ondo biltzen duela Irutxuloko Hitzak egiten duena: Donostia, den horretan, erakutsi eta kontatzea.
Maiatzetik Egian ari gara lanean, lekuz aldatu baitugu egoitza. Katalina Eleizegi kaleko bulegoa utzi dugu eta Ametzagaña kaleko 19. atarira etorri gara. Joxemi Zumalabe Fundazioa eta Egia Bizirik auzo elkartea ditugu bizilagun. Gaur, hain zuzen, lokal berria inauguratuko dugu, eta zuekin ospatuko dugu.
Erredakzio berria erakusteko ateak irekiko ditugu gaur 18:30ean, eta luntx bat egingo dugu gure proiektuaz hitz egin eta aldaketen berri emateko. Ondoren festa egingo dugu Le Bukowskin. Izarne Zelaia bertsolariarekin hasiko da inaugurazio ekitaldia. Ondoren, Harkaitz Canok eta Ion Olanok Martiriaren postalak poesia irakurriko dute. Nerea Arriola aktoreak hartuko du erreleboa, eta umorezko bakarrizketa egingo du. Zuzeneko musikarekin bukatuko da festa, Physis versus Pelaxen kontzertuarekin.
Erlazionatutako edukiaIRUTXULOKO HITZAk Ametzagañako bulegoaren inaugurazio festa egingo du