Adimen urritasuna duten pertsonei lan mundurako sarbide bat irekitzeko helburuarekin sortu zen Pauso Berriak, Atzegi eta Gureaken elkarlanari esker. Geroztik, programa izugarri indartu da.
Luisma Moreno, Pauso Berriak programako arduraduna, Gureaken, Berio pasealekuko egoitzan. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Atzegi adimen urriko pertsonentzako elkarteak 50 urte bete zituen 2010ean. Urteurrenaren harira, elkarteko erabiltzaileen familiei proposamen berriak eskatu zizkieten taldeko arduradunek. Artean, Gipuzkoako adimen urriko pertsonek Gureak eta Atzegiren lantegi babestuetan formakuntzak eta lanpostuak lortu zitzaketen. Familiek, ordea, beste aurrerapauso bat eskatu zuten: erabiltzaileei gizartera irekitzeko aukerak emango lizkieketen lanpostuak, Atzegi eta Gureakenak ez diren erakunde eta enpresatan, alegia. Erabateko gizarteratzearen norabidean doan erronka horri erantzun nahian jaio zen Pauso Berriak proiektua.
Geroztik, Atzegik eta Gureakek era bateratuan sustatutako programa honetatik 246 pertsona igaro dira zortzi urteko epean, 112k praktikaldia amaitu ostean bere garaian egokitu zitzaien enpresan lanean jarraitzen dutelarik. Lortutako arrakastak, ordea, ez du esan nahi orain arteko bidea erraza izan denik.
Egitasmoa gauzatzeko, hausnarketa sakona egin behar izan zuten Pauso Berriakeko kideek. Luisma Moreno programako arduradunak dioen bezala, «gauza erraza balitz, aspalditik egina egongo litzateke». Ohiko lan girora sarbiderik ez zuten pertsonak lanpostu horiek betetzeko zituzten zailtasunak zeintzuk ziren aztertu behar izan zuten lehenik. «Lan merkatura enpresen beharrak betetzeko asmoz iritsiko bagina gauzak zail izango genituzke», azaldu du Morenok.
Horregatik, egoerari buelta eman eta enpresen behar zuzenei erantzun ordez, egunerokotasuneko zeregin osagarri desberdinak batuz lanpostu berrien sorrerak proposatzea erabaki zuten programako arduradunek. Denborak erakutsi du formulak horrekin bete betean asmatu zuela Pauso Berriakek.
Programak hiru fase ditu. Lehenengoa formakuntza epea da, eta bertan erabiltzaileek oinarrizko hainbat arlo lantzen dituzte, hala nola:?puntualitatea, garraio autonomia, zaintza eta higienea, diruaren kudeaketa, talde lanak… Prozesu horretan, programako arduradunek erabiltzaileak ezagutu eta euren gaitasunak, mugak eta interesak zeintzuk diren ikusteko aukera dute. Horren arabera, formazio espezifiko batera edo bestera bideratuko dituzte ondoren: administrazioa edo zerbitzu multipleak.
Hurrengo fasea enpresako 1.000 orduko praktiketan datza. Pauso Berriakeko arduradunak enpresekin harremanetan jartzen dira, eta zeregin desberdinen baturaz osaturiko praktikaldiak proposatzen dizkiete. Praktika hauek ohikoak baino luzeagoak dira, erabiltzaileengan hobekuntza nabarmenenak hilabeteen buruan ematen direlako. Fase horretan formatzailea beraiekin egon ohi da enpresan, egokitze prozesuan laguntzeko.
Azkeneko fasea kontratazioan oinarritzen da, eta bi eratara eman daiteke: enpresaren kontratazio zuzenarekin edo Gipuzkoako Aldundiak babestutako zerbitzu okupazionalaren bitartez. Bi kasuetan, langileak soldatapean jarraituko luke enpresan.
Pauso Berriaken programak hiru helburu nagusi ditu. Batetik, erabiltzailearen garapen pertsonala sustatu nahi du, ondo eginiko lanak norberari eskaintzen dion onuretan oinarrituta. Bestetik, garapen soziala bideratzen du, pertsona lankideak ezagutzera eta beraiekin harremana izatera behartzen duelako. Azkenik, erabiltzailearen garapen konpetentziala ere bultzatzea bilatzen du programak, bere kabuz enpresa batentzako baliozkoak diren zereginak egiteko gaitasuna landuz.
Horrelako esperientziek pertsonarengan sekulako eragina dutela zehaztu du Morenok: «lanean daudenean, talde sentimendua izugarri garatzen dute, eta gizartean euren lekua dutela sentitzen dute, harro».
Neurrira eginiko jantzia
Enpresarentzako pertsona prestatuena bilatu ordez, programak pertsona bakoitzarentzako enpresa aproposena bilatzen duela zehaztu du Pauso Berriakeko arduradunak. Hain zuzen, «neurrira eginiko jantzia» topatzen diote erabiltzaileari.
Horretarako, helburu altuegiak eta baxuegiak ez ezartzeari arreta handia ematen diote. Programako kideen ustez, «aukeren doitzea» ezinbestekoa da arrakasta edukitzeko. «Enpresan zehazten ditugun zereginak pertsonaren gaitasunetara egokituak egoteak arrakastara eramaten ditu», Morenoren arabera, «eta horrek autoestimuaren hobekuntza dakar, ondo egindako lana errekonozitu egiten dietelako eta erabiltzaileak ongi ari dela badakielako».
Pertsonarengan ematen diren onura horiek lan girotik kanpo ere nabaritzen direla azpimarratu du ere Pauso Berriakeko arduradunak: «Familiek askotan esan ohi digute etxean ordenatuagoak bilakatu direla, arropak tolesten dituztela, aurrea hartzen hasi direla…». Pertsonaren autonomia garatzeak bere bizi kalitatea nabarmenki hobetzen duela dio?Morenok:?«Zure mundua eta eskaintzen dizkizun aukerak zabaldu egiten dira».
Erabiltzaileak ez dira, baina, horrelako bizi esperientzia batekin aberasten diren bakarrak, izan ere, enpresak berak onurak jasotzen ditu elkarlan honen harira. Batetik, euren hasierako ardurak osagarriak izan daitezkeen arren, gerora erabiltzaileek enpresan guztiz beharrezkoak diren zereginak burutzen dituztelako. Bestetik, gainerako langileei maila laboral eta pertsonalean hazteko aukera ematen dielako. «Desberdinetik ikasteko», alegia, Morenoren ustez.
Zentzu horretan, programak laugarren helburu gehitu bat duela zehaztu du Pauso Berriakeko arduradunak: «Adimen urritasuna duten pertsonen kolektiboari ikusgarritasun positiboa ematea, gizarteak beraiekiko duen pertzepzioa aldatuz». Hau da, bakoitzaren mugetara erreparatu ordez, pertsonaren gaitasunak balioan jartzea, erabateko gizarteratzerantz pauso berri bat emanez.