Federazioak dio parte-hartzailea ez zutela kanporatu euskaraz hitz egiteagatik
Gipuzkoako Triatloi Federazioak larunbateko emakumeen triatloiko bi partaidek salatutako gertakaria ukatu egin du eta bere bertsioa azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri. Kirol proba hasi aurretik bi parte-hartzaileekin eztabaida bat izan zuen pertsona triatloiko epailea zela zehaztu du federazioak, eta ez lasterketaren zuzendaria, eta nabarmendu du bertan euskaraz hitz egiteagatik inor ez zutela kanporatu.
Federazioaren arabera, epaileak gaztelaniaz hitz egiteko eskatu zion bi partaideetako bati, euskara ulertzen ez zuelako. Pertsona horrek, ordea, berak euskaraz hitz egingo ziola erantzun zion epaileari, eta hortik abiatutako eztabaidan tentsioak gora egin zuen momentuz momentu. Halako batean probako beste partaideak epailea mehatxatu egin zuela eta horregatik deskalifikatua izan zela azaldu dio federazioak hedabide honi.