«Europaren egiturazko krisi bat da, ez errefuxiatuen krisia»
Manoli Etxeberria Ramajo, Ongi Etorri errefuxiatuak plataformako kidea
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma zenbait erakundek eta pertsonek osatzen dute, eta migrazio-politikek pertsonengan dituzten ondorioak salatzea dute xede. Zer iruditzen zaizue errefuxiatuen krisia delakoa? Guk duela asko esan genuen ez dela errefuxiatuen krisia. Guretzat Europako hainbat gobernuk erabiltzen duten terminoa da, hiritarrei iritsiera masibo eta inbasibo itxura eman eta fenomeno migratzailearekiko beldurra sortzeko. Guretzat Europaren egiturazko krisi bat da, ekonomikoa, politikoa eta ideologikoa (xenofobia eta muturreko eskunaren goraldia). Oinarrian dagoena da eskubideen krisia, eta hori ahalbidetu eta migrazioa kontrolatzeko, makinaria oso bat jarri dute abian, mugetako traben inposizioarekin. Azken finean, mehatxu bat irudikatzen duen terminoa da, eta honek, milaka pertsonen erailketen eragile diren migrazio-politikekiko Europak duen ardura saihestea dakar. Nola sortu zen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma? Plataforma Bizkaian sortu zen, 2016 urtearen hasieran, eta urte hartan bertan, Greziara joan zen Mugak Zabalduz karabana antolatu zen. Sorreraren helburu nagusia, migrazio-politikek eta Europak mugekiko inposatzen duen kontrolak, derrigorrez lekualdatutako pertsonengan dituen ondorio lazgarriak salatzea izan zen. Horrez gain, exodoen arrazoiak mahaigaineratu (gerrak, giza eskubideen urraketak, baldintza sozio-ekonomikoak, aldaketa klimatikoa, eta abar) eta Europako gobernuek migrazio-mugimendu hauetan duten ardura aldarrikatu nahi dugu. Nola antolatzen zarete? Euskal Herriko hainbat tokitan egiten du lana plataformak, eta herri bakoitzean modu autonomoan funzionatzen badugu ere, koordinaturik gaude. Ipar Euskal Herrian ere gurekin lankidetzan dabilen talde bat dago. Donostiako taldea Egiako Txoko Internazionalistan biltzen da, eta gure bilerak irekiak dira. Bileren egunak sare sozialetan argitaratzen ditugu, eta gurekin bat egitera gonbidatzen ditugu donostiarrak. Nolako harremana duzue Donostiako Udalarekin? Joan den maiatzaren 22an egindako tokiko gobernu batzordean, Donostiako Udaleko bozeramaileen batzarrak, aho batez, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Amnistia Internacionalek aurkeztutako adierazpen instituzionala onartu zuten. Beste akordio batzuen artean, Donostia «harrera hiria» aitortu zen eta elkartasuna adierazi ziztzaien, haien bizilekuetatik indarrez mugitu behar diren pertsona guztiei. Udalarekin hasi dugun harremanean, hartu dituzten konpromisoak betetzeko presionatu eta bermatzea da gure lana. Harremana, jakina, errazagoa da talde politiko batzuekin besteekin baino. Hainbatek, esaterako, Ongi Etorri Errefuxiatuak bandera jartzen utzi izan digute udaletxean, egun seinalatuetan. Eta gainontzeko euskal erakunde publikoekin? Harremanen bat hasi dugu, baina ez asko;?Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin, eta hainbat udalekin. Adierazpen instituzionalak ere egin dituzte, pertsona hauen ongizatearen alde, baina gehienetan ez dituzte hartutako konpromisoak aurrera eraman. Uste duzu pertsona errefuxiatuek badutela Donostian haien bizitza modu autonomoan garatzeko aukerarik? Migrazio-fenomeno hau ez da ezer berria. Gurean babes eske etorri diren pertsona ugari bizi dira duela urte asko, eta haien artean antolatuta daude. Gipuzkoan 6.000 pertsona baino gehiago bizi dira klandestinitatean, bizitza hobe baten bila edo hainbat arrazoiengatik ihesi etorri direnak, eta egoera administratibo irregularrean daudenak. Migrazio-politikak aldatu ezean, eta jarrera politikoa eta soziala aldatzen ez den bitartean, oso zaila izango da pertsona guzti hauentzat modu autonomoan bizitzea. «Inor ez da ilegala» aldarrikapena gure bizitzako esparru guztietan txertatzea ezinbestekoa da horretarako. Jendartearen erantzunak nolakoa izan behar du? Alde batetik, guretzat garrantzitsua da gai honen inguruan urtetan lanean dabiltzan erakunde eta eragileekin lankidetzan jarraitzea, xenofobia eta arrazismoaren aurka, eta migrazio-politiken biktimen alde lan izugarria egiten dutelako. Bestetik, ezinbestekoa da migrazioen inguruko diskurtsoan aldaketak egitea, gehien bat gobernuen eta hedabideen aldetik. Migrazio-fenomenoen inguruan mehatxuzko eta beldurrezko diskurtsoak errotik kendu behar dira, eta exodoen benetako arrazoiak eta arduradunak bistaratu eta salatzea herritar guztiok egin behar dugun zerbait da.