Itzalai Alberdi: 'Ama, aita, zuek zarete nire eredu, ni zuen isla'
Kaixo familia,
Gaur irakasleak Euskaraldiari buruz hitz egin digu klasean. Bizitza osorako bidaia baten hasiera da Euskaraldia. Eta badakizue zer? Bidaia horretan denok parte hartu dezakegu; oinez, korrika, bizikleta gainean, edonola izan daiteke, baina garrantzitsuena da elkarlanean egin behar dugula bidaia, bestela ez dugu helburua lortuko, ez gara euskaraz biziko.
Eta nik euskaraz bizi nahi dut, euskaraz amestu nahi dut, euskaraz maitatu nahi dut, euskaraz ondo pasa nahi dut, beraz, izan zaitez nire eredu eta bidelagun.
Bidaia honetan nire bidelagun izan nahi baduzu, gure egunerokotasunaren hausnarketa txiki bat egitea proposatzen dizut.
Eskolako atarian adibidez, euskaraz hitz egiten didazu, baina buelta eman eta beste haurren gurasoekin, ordea, gaztelaniaz hasten zara, orduan, zein da arazoa? Euskara eskolako eta etxeko hizkuntza da? Nolatan harritzen zara gero nik parkean eta nire lagunartean gaztelaniaz egiten badut? Nik zure ekintzetatik ikasten dut, ematen didazun ereduaren isla naiz.
Tabernan sartzean, askotan gaztelaniaz eskatzen duzu, eta nik «un vaso de agua, por favor» esaten badut errieta egiten didazu, ez da oso koherentea ezta? Ez ahaztu zu zarela nire eredua, eta zure hitzek baino indar gehiago dutela zure ekintzek.
Hauek adibide batzuk besterik ez dira, baina egin ezazu hausnarketa sakonagoa, eta ikusiko duzu egunean zehar horrelako egoera ugari ematen direla, eta nik guzti horietatik ikasten dudala.
Ama, aita, familia, euskararen biziraupena hiztunen menpe dago, eta hiztun horien ardura da euskaraz bizitzeko apustua egitea, beraz, hori eskatu nahi dizuet, benetako apustua egitea, eta hemendik aurrera euskaraz bizitzea. Badakit bide honetan ez didazuela hutsik egingo, eta gauzak errazte aldera, pista batzuk emango dizkizuet.
Zer egin dezakegu gure egunerokotasunean benetan euskaraz bizitzeko? Kaleak ahobiziz eta belarriprestez betetzeko?
Erosketak egitera joaten garenean, egin ezazu beti lehen hitza euskaraz, eta aurreiritziak alde batera utziz, emaiozu besteari aukera bat, eta sorpresa ugari eramango dituzu. Ulertzen ez badu, jakinaraziko dizu, baina utzi ezazu beti euskaraz komunikatzeko atea zabalik.
Tabernara joaten zarenean berdin, eskatu ezazu euskaraz, eta besteak ulertzen ez badu, jakinaraziko dizu, baina ez zaitez zu izan besteari mugak jarriko dizkiona.
Inguruan dituzun belarriprest guztiekin egin ezazu euskaraz, komunikazioa erraztuz, polikiago hitz eginez, keinuen bidez, esaldi motzekin, eta positiboki baloratu egiten duen esfortzua, eta ez ahaztu eskerrak ematea, ahobiziez gain, belarripresten ardura ere oso garrantzitsua baita euskaraz bizi ahal izateko, beraiek baitira bidea erraztuko digutenak eta orain arte itxita egon diren ate asko irekiko dizkigutenak.
Eta euskaraz hitz egiteko ohitura ez dutenekin zer? Zergatik ez dituzue eskolako gurasoen arteko mintzapraktika saioak antolatzen? Eskolatik etxerako bidean euskaraz egiteko proposamena luzatu dezakezue, honek ez du eguneroko bizitzan aldaketa handirik suposatzen, kafea hartzeko garaian izan daiteke, haurrak eskolatik jasotzerakoan, eskola-kanpoko ekintzatan… komunikazioa sortzen den edozein egoera da aproposa euskaraz mintzatzeko, beraz, ekin.
Nik euskaraz bizi nahi dut, eskolan, etxean, lagunartean, kalean, nire egunerokotasunean, orain eta beti.
Ama, aita, zure ekintzekin adierazten duzu gure hizkuntzarekiko errespetua eta maitasuna, beraz, ez nazazu huts egin, eta hemendik aurrera gogoan izan, zuek zarete nire eredu, beraz, bidaia honetan bide okerretik banoa, hausnarketa egin, eta ea zer hobetu dezakezun.
Itzalai Alberdi, Harri Berri-Oletako gurasoen euskara batzordea